• 1067 hitz sindikalismorako (ELA, Manuel Robles-Arangiz Institutua Fundazioa, 2011).
  • Aezkoa eta aetzak (Puy Ziaurritz eta Mikel Belasko, Nafarroako Gobernua, 2009). Etnografia lana da liburua. Nafarroako Aezkoa bailarako azken ehun urteko gertaerak jasotzen ditu. Herrien arteko harremanak aztertu dituzte, euskararen eta kulturaren bilakaera, baita ingurune fisikoa eta naturala ere.
  • Afrika beltzean (xabier Gereño, autore editore, 1988). Narrazioa. Bidaiari amorratua bihurtu zaigu azken boladan Xabier Gereño. Libian, Iranen, eta orain Afrikan agertu zaigu, Afrikako bihotz beltzean dagoen Senegalen. Aleman bat hara joan negozioetan, ezagutzen zuen lagun bakarra hilik azaldu, eta hortik aurrera espioitza kontu korapilatsuetan nahastuta ageri zaigu.
    Horrekin batera maitasunaren sareek ere harrapatuko dute gure protagonista, nobelari bixigarri emanaz (Noski, guk ez dugu irakurri, berak esaten duena baino ez da hau, beti bezala).
  • Afrika express (Urtzi Urrutikoetxea, Elkar, 2008). Renault Express zahar bat hartuta Afrika Beltzeraino garamatza autorearen bidaia-kronikak.
  • Afrikako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Afrikari zor dioguna (I. Barrenetxea eta E. Mtz. Lizarduikoa, Gaiak, 2010). Afrikari buruzko hurbiltze orokorra da liburuko lehen kapitulua. Ondoren, kulturari buruz idatzi dute, aberastasuna azpimarratuz. Eta hortik aurrera, bete betean sartu dira erlijioan, lehen gizakian, kontinentearen historian (kolonizazioa, deskolonizazioa, egungo egoera), natura bazterrean utzi gabe.

  • Aita gurea (Iñaki Irasizabal, Elkar, 2015).Narrazioa. Autogintzarako piezak fabrikatzen dituen lantegi txiki bat. Bi enpresari. Haien familiak, tartean Down sindromea duen seme bat, alaba jonki ohi bat. Prentsa hidraulikoak, trokelak, matrizeak… etamakina horiek guztiak erabiltzen zenbait behargin, zahar eta gazte, nor bere arazo eta ametsekin baina denak ere beren lanpostua galtzeko beldurrez.
  • Albaitaritzako idazlanak (1692-1892) (Mongongo Dassanza, Euskaltzaindia, 2015). Donibane Lohizunen erremedio saltegi bat zuen Mongongo Dassanza barberu eta botikari lapurtarrak. XVII. mendean jaio zen, eta 1711n hil. 1690 inguruan albaitaritzaz idatzi zuen lapurterazko liburuaren edizio kritikoa apailatu du Txomin Peillenek.
  • Aldaketa klimatikoa badator (Joseba Etxeberria-Unai Martinez, Gaiak, 2007). Poloetako urtze-prozesua, Kiotoko protokoloa, lehorteak...
  • Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa (Zesar Martinez, Deustuko Unibertsitatea, 2003). Neoliberalismoari aurre eginez. Globalizazio neoliberalaren sasoi hauetan aldaketa sozialari buruz zabaltzen ari den diskurtso ideologiko deterministari aurre egin nahian, Soziologian doktore eta EHUko irakaslea den Zesar Martinezek egindako saio honen izenburu zehatza Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa. Gizartearen produkzioa pentsamendu soziologikoan da. Bertan, merkatu globalizatuaren lehiakortasuna eta etengabeko hazkunde ekonomiko-produktiboa giza eboluzioaren eta aurrerapen sozialaren bide bakar gisa aurkezten duten adituen teoriei, beste ikuspegi teoriko ezberdinekin egiten die aurre Martinezek, pentsamendu soziologikoan garatu diren beste ikuspegi teoriko horiek gizartearen produkzioa eta gidaritza.nola kontzeptualizatu duten aztertuta.
  • Alpeen itzalpean (Martin Elexpuru, Elkar, 1993). Bizikleta ibilaldia, Alpeetako mendi garaien artean.
  • Altza Porru (Askoren Artean, 2016). Garaiko produktuak dastatzeko aukera izan dute hilaren 16an Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalerako gunera gerturatu direnek. Jakoba Errekondok zortzi euskal marrazkilarirekin eta ARGIArekin elkarlanean argitaratu duten 'Altza Porru' liburuaren aurkezpenari hasiera emateko leku aproposa topatu dute, albahaka eta tomate landare artean, iritsi bezala gaian sartzen joateko. Bizi Baratzea proiektuaren barruan kokatzen da bigarren liburu hau, lurrari lotua dena irudi eta umoretik ezagutzeko aukera ematen duena.
  • Antarktida: kontinente misteriotsu hori (Juan Ignacio Abrisketa, Gaiak, 1990). Orografia, klima, geologia, fauna, flora, historia, bidaiak...
  • Apaizac obeto (Jon Maia, Elkar, 2006). Kanadako uretara egindako bidaiaren kronika, XVI. eta XVII. mendeetan lurralde horietan ibilitako euskal marinelak gogoratuz.
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landare katalogoa (Askoren Artean, Eusko Jaurlaritza, 1985).
  • Aralarko parke naturala. Fauna eta flora (Fernando Pedro Perez, 2004).
  • Arbaiun, gida-liburua (Martxel Aizpurua, UEU, 1985).
  • Arkitekturaren eraikuntza (Askoren Artean, EHU, 2005). Arkitekturaren teknikak eta elementuak.
  • Arkitektura-hiztegi irudiduna (Frank Ching, EHU, 2009).
  • Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa (Asisko Urmeneta eta Kepa Altonaga, Elkar, 2011). Arnaut Abadia jaun kalonjea (Bithiriña, 1843; Beloke, 1916) munta handiko gizona dugu Ipar Euskal Herriko historian. Larresoroko Seminarioko zuzendaria izan zen ia berrogei bat urtez, eta, halaber, Eskualduna astekariko Laborarier sailaren ardura eduki zuen 1892-1908 tartean. Zazpi ehunetik gora zutabe plazaratu zituen bertan laborarientzat, eta gure zientzia-dibulgazioaren lehen orduko aurrendari urregorrikoa bilakatu zen, idazle bikain eta oparoa izateaz gainera. Halandaze, egileak ahanzturaren hauts artetik erreskatatu gura izan du Arnaut Abadia klasiko ezezaguna: berrogeita bost zutabe antologiko bildu ditu Arnaut Abadiaren zoo ilogiko honetan, laborarien munduko animaliei buruzkoak, Asiskoren marrazkiz egoki hornituak. Horretaz gain, Abadia eta garaia behar bezala testuinguratze aldera, sarrera ezinago mamitsua ondu du Kepa Altonagak, ohi duen modura. Arnaut Abadiaren testuok, xumeak baina pitxiak diren heinean, gure behialako letretako lekukotasun aparta dira, eta bai oso interesgarriak gaurko irakurlearentzat ere.
  • Artzaintza (Gema Arrugaeta, Hazi, 2016). Argazkiak.
  • Asiakleta (Amaia Elosegi, Erein, 2000). Bidaia liburua. Bizikletak hartu, poltsak jarri, zakua, denda eta gainerakoak gehitu, eta pedalei eraginez abiatu ginen Asiarantz. India, Txina, Nepal, Irak, Japon... Istanbuletik, Turkiako hiriburutik abiatu ginen gure bizikletak zama-zama eginda. 50 kilo baino gehiago generaman: a zer traste pila! eta a zer pisua! Nire bizikletak nik neronek baino pisu gehiago zuen. Asiakleta honetan Asian barrena egindako bidaiaren berri ematen digu Amaia Elosegik. Berak Esther Mugerza izan zuen bidelagun eta guk denok, berriz, Iñaki Martiarena Mattin-en marrazkiak ditugu.
  • Aska itzazue pottokak (Iñaki Friera, Ibaizabal, 1999). Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera. Pozalagua, Zugarramurdi, Sara...
  • Astoa eta laurok Euskal Herrian zehar (Agustin Ibarrola, Ibaizabal, 1994). http://blogak.goiena.eus/faroa/2009/02/07/agustin-egurrola-aspaldiko-partez/
  • Astronomia (Manu Arregi Biziol, Gaiak, 2001). Astronomiaren oinarriak era errazean. Astronomiaren alor guztiak gainbegiratzen ditu Manu Arregik -Alfontso Mtz. Lizarduikoa eta Juan Ignazio Abrisketa mintegikide laguntzaile dituela- ikasleentzat osatu duen Astronomiari buruzko liburu honetan. Hiru atal nagusitan banaturik dago. Lehenengoan, gai teorikoak azaltzen dira, Posiziozko Astronomia, Eguzki-sistema, galaxiak eta abarri buruzko argitasunak emanaz. Bigarrengoan, gaueko zerua aztertzen da, urtaro bakoitzean ikus daitezkeen konstelazioak deskribatuz. Hirugarrengoan, berriz, ikasturtean zehar egin beharreko jarduerak daude, gure meridianoa lortzea, Astronomia ikerketak egiteko tresna zaharrena nola osatu eta erabili, edota ilargiaren faseei jarraipena egitea bezalakoak. Liburuaren bukaeran, konstelazioak eta zeruko mapak eskaintzen dira baita ere, eranskin gisa.
  • Ataungo ogibide historikoen edo Artzaintza, nekazaritza, basogintza, burdinola, errota, eraikuntza eta zerbitzuen kulturazko eragin nagusia bertako etnosaren historia XVI-XX mendeetan (Pello Joxe Aranburu Ugartemendia, Ataungo Udala, 2003).
  • Atlantidara biajia (Jokin Muñoz, Alberdania, 2000). Bidaia liburuaren itxura du Jokin Muñoz-ek idatzitako liburuak. Amonaren etxea bisitatzeko, narratzaileak Nafarroako hegoaldean zehar egiten du bidea, Castejonera. Bidaia oinez egiten du, behinolako bidailariek bezala, paisaiak eta pertsonak hobeto deskribatzeko. Lau egun dirauen ibilaldi honen kronika dugu idazlana, eta desertuaren itxura daukan paisaia eta honen osagaia dirudien jendea deskribatu arren, kronika hau beste gauza batzuetarako abiapuntua da. Izan ere, liburuan Euskal Herriaz eta honen egoeraz mintzo da eta, batez ere, Nafarroako hegoaldeaz.
  • Atlas sentimentala (Patxi Zubizarreta, Alberdania, 1998). Narrazioa. Egonaldi Marokoko berberreen artean. Patxi Zubizarretaren aurreko nobelan, Eztia eta ozpinan, gazte marokotar bat zetorren Europara etorkin gisa; Atlas sentimentalean, berriz, Euskal Herriko gazte bat doa Marokora denboraldi baterako. Hango egonaldia kontatzen zaigu nobelan, hango kulturarekiko lilura. Bidaia liburua?, maitasun historia?, bietatik badu zerbait, baina bada askoz gehiago ere.
  • Atzoko eta gaurko harresiak (Asier Blas, Txalaparta, 2004). Berlingo harresia erori eta hamar urte beranduago Europa Ekialdean burututako bidaia da honakoa. Baina ez da bidaia fisikoa bakarrik, zenbait atal sozial, linguistiko eta historiko ere gogora ekartzen dizkigu: komunisten utopiak, sozialismo erreala, estalinismoa, baztertutako nazio eta hizkuntzak... Liburuak egungo egoera soziala eta politikoa ere hizpide ditu.
  • Auto ibilbideak. Goierriko gazteen automobil kulturaz (Maddi Garcia, Gerriko-Goierriko, 2011). Gazteen eta autoen arteko harremana Goierrin «estua» da, «automobila beharrezkoa dutela diote». Autoa garraiorako tresna baino gehiago dela ebatzi du Garciak ikerlanean, «gizartearen aurrean aurkezteko beste modu bat. Autoaren kultura hain dago zabaldua, beste mugikortasun eredu batzuen aukera aztertzea ere kosta egiten baita».
  • Auzolanaren kultura. Iraganaren ondarea, orainaren lanabesa, etorkizunaren giltza (Jasone Mitxeltorena, Txalaparta, 2011). Auzolana antzinako garaietatik iritsi zaigun lan-sistema da, komunitate bateko kideen arteko elkarlanean oinarrituta dagoena. Lan-sistema baino, herriak ekiteko, antolatzeko eta bere burua eratzeko duen modua da. Azterketa historikoaren eta hausnarketaren bidez, liburu honek gure herrian auzolana zer izan den eta zer den azaldu nahi du. Euskal herri-izaeraren ondare gisa, duen balioa aitortu nahi dio, erlikia historikotzat hartu beharrean, orainaren lanabesa eta etorkizunaren giltza dela frogatuz.
  • Baietz okerreko bidea aukeratu (Edorta Agirre, Alberdania, 2006). Jan-edanari buruzko ehun apustu edo igarkizun aurkezten dizkigu autoreak.
  • Baratze bat nahi dizut egin... Nola sortu eta landu baratze bat etxean (Usoa Arin, Txertoa, 2013).
  • Basamortuen esploratzailea (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2009). Nobela grafikoa.
  • Baserri biziari eusteko lanak. Nekazaritza sindikalismoaren historia bat (Jose Angel Aldai, Txalaparta, 2017). http://www.argia.eus/albistea/nekazaritza-sindikalismoaren-historiaren-liburua-aurkeztu-du-jose-anjel-aldaik
  • Baso-mutillak (Jose Ramon Arrizabalo, Auspoa, 1979).
  • Basoberritzea eta Basoaren Erabilera - Repoblación y Manejo Forestal ( Asociación Propietarios Foresta, GFA, 2003). Deskripzioa. BASOBERRITZEA :Helburuak, Baso-berritzearen aldiak, Lurzoruaren prestaketa ,eta Ezarpena. BASOZAINTZA LANAK : Izurrite eta gaixotasunen aurkako babesa, izurrite garrantzitsuenak, gaixotasun garrantzitsuenak GARBIKETAK. ARGIKETA ETA BASO-SOILUNEAK . INUASKETAK .FORMAZIO-MOZKETA EDO BASO-MOZKETA. KIMUEN AUKERAKETA. ZUHAITZ ESPEZIEAK :pino insignis, douglas izeia, larizio pinua, itsas pinua, alertze japoniarra, sequoia, lawson altzifrea, eukalituak, haritz amerikarra, tulipa, gerizondoak, akazia faltsua, intxaurrondoak, pagoa, lurraldeko haritza.
  • Begira zenbat argi, maitea (Annie Ernaux, Igela, 2015). Narrazioa. Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. “Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira”, idatzi du. Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, idazleak. Erosketak egitearen alde “nekagarria” alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna. Sentipen pertsonalik eta oharrik gabeko zerrenda moduko horren bidez, subjektu literarioaren duintasuna iritsi du hipermerkatuak, denok, edo gehienok, joan ohi garen familia-giroko eremu horrek.
  • Begirada bat Kubari (Iñaki Petxarroman, Elkar, 2007). Kubatar batzuei egindako elkarrizketetan oinarrituta, idazleak erreportaje liburu bat idatzi du Kubari buruz. 30 pertsonaren iritziak jasotzen dira.
  • Begiz begi (Alberto Iñurrategi, BBK, 2009). Dokumentala + liburua. “Begiz Begi”k gaur egungo mendi-zaletasunari so egiten dio; mendiaren aurrean gizarteak duen jarrera eta alpinistek beren bidaiak nola antolatzen dituzten aztertzen ditu. Horrezaz gain, Iñurrategik bere gogoetak plazaratzen ditu mendiaren munduaren inguruan, askotan pentsamendu orokorraren aurkakoak direnak. Halaber, mendizaleak bidaiariek espedizioei aurre egiteko orduan dituzten jarrerak salatzen ditu, bere ustez alpinismoari kalte egiten diote eta. Dokumentalak Koldo Izagirreren testuak eta Francisco Garcia Alvarezen musika ditu, eta munduko zenbait gailurretan hartutako irudiak eskaintzen dizkio ikusleari, zuri-beltzeko sekuentziekin uztarturik.
  • Berdean hezi. Haurrak naturara hurbiltzeko ideiak (Heike Freire, 2015). Ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina da natura. Horregatik, haurrak ingurunearekin harremanean heztearen onurez eta eskolako jolastokiak eta hirietako espazioak berdetu beharraz mintzo zaigu Berdean hezi. Haurrak naturara hurbiltzeko ideiak liburua, Heike Freire psikologoak idatzia eta Txatxilipurdi elkartearen ekimenez Diego Martiartu Zugastik berriki euskaratua.
  • Beruna patrikan (Ander Izagirre, Libros K. O, 2015). Frantziako Tourraren harropuzkeriak, traizioak, abenturak, pozak eta balentriak biltzen dituen liburuaren euskarazko itzulpena argitaratu du Izagirrek.
  • Bidaia koadernoak. Haziei buruzko pasarte eta ohar historikoak (Askoren Artean, Cristina Enea, 2016). Bertan, paperezko edizio zaindu eta txukunean, iraganeko garaietara eta leku exotikoetara eramango gaituzte haziek kontatutako istorioek. Historiako pertsonaia ezagunak nahiz ezin konta ahala pertsona ezezagun agertzen dira liburuko orrietan, elkartasun ekintzak egiazko gerra kronikekin gurutzatzen dira eta laborarien lan nekeza zientzialarien jardun zorrotzarekin aldizkatzen da
  • Bidaldi handien atlas historikoa (Koldo Ortega eta Alizia Stürtze, Gaiak, 2007). 67 bidaiaren kontaketa eskaintzen dute autoreek. Esplorazioak Historiaurrean, Antzinaroan, Erdi Aroan eta batik bat Aro Modernoan eta Aro Garaikidean.
  • Bideko prosak: Araba eta Bizkaia (Luis Mari Mujika, Hiria, 2003). Aldarte animikoak eta deskriptiboak nahasten ditu.
  • Bideko prosak: Gipuzkoa (Luis Mari Mujika, Hiria, 2002). Aldarte animikoak eta deskriptiboak nahasten ditu.
  • Bideko prosak: Iparraldea (Luis Mari Mujika, Hiria, 2003). Aldarte animikoak eta deskriptiboak nahasten ditu.
  • Bideko prosak: Mundu zabalean (Luis Mari mUjika, Hiria, 2004). Gaztela Zaharra eta Berria, Kantabria, Galizia, Aragoi, Katalunia, Italia, Austria, Turkia, Frantzia... Aldarte animikoak eta deskriptiboak nahasten ditu.
  • Bideko prosak: Nafarroa (luis Mari Mujika, Hiria, 1999). Aldarte animikoak eta deskriptiboak nahasten ditu.
  • Biharko lurraren hazia (Maritxu Lopepe, Gatuzain, 2012). Duela hogei eta hamar urte baino gutxiago, laborantza biologikoan aritzea “martzianoa” izatea zen. Etekin industrialen, ongarri kimiko eta pestiziden, hazkunde intentsiboen garaiak ziren. Ipar Euskal Herrian, segurrenez 68ko Maiatzaren eta Europako beste korronte batzuen eraginpean, “ero” batzuk abentura biologikora murgildu ziren. Egun, ehun eta berrogei laborari inguru daude biologikoan egiaztatuak. Maritxu Lopepek haietarik hamar elkarrizketatu ditu. Gatuzain argitaletxearen eskutik "Biharko Lurraren haziak". 10 begirada Ipar Euskal Herriko laborantxa biologikoari.
  • Bioteknologiaren aurrerapen osasungarri eta jasangarria (Leire Escajedo, Elhuyar, 2008). Bioteknologia modernoak aukera handiak eskaini ditzake, besteak beste, nekazaritzarako, elikagaigintzarako eta industriaren zenbait arlotarako. Baina teknologia horrek gatazka ugari sortzen ditu, osasunean eta ingurumenean, kontsumitzaileen eskubideetan eta garabidean dauden herrialdeen ekonomietan izan ditzakeen ondorioak direla eta. Bioteknologian orain arte egindako ibilbidearen ikuspegi zehatza aztertzen du autoreak, eta praktikan sortu diren arazoak eta kontraesanen berri ere ematen du.
  • Biziaren sarea ehuntzen (Begoña Arrate, Elhuyar, 2008). Giza eta natur aniztasuna.
  • Biztanleria magrebtarra Euskal Autonomia Erkidegoan (Askoren Artean, Ararteko, 2007). Nola pentsatzen dute, zer nolako ametsak dakartzate, zerk ematen die beldurra gurera etortzen diren magrebtarrei? Galdera horiei erantzutera dator Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoa, lurralde horretan finkatutako magrebtarren egoera eta itxaropenak jorratzeko bultzatu duen ikerketan. 40 gizon eta emakume magrebtar elkarrizketatu dira. Pertsona horien migratzeko asmoak jakiten ahal dira horrela; hona iritsita izan zuten harrera; etxebizitza lortzeko aukerak; Islama nola bizi duten; beren harremanak; beste hizkuntza batzuk ikastea edo ama-hizkuntzari eustea zer den beraientzat...
  • Bortzirietako gaztiak, 1940-1960 (Rosa Arburua, Alberdania, 2005). Bortzirietan 1940. urtetik 1960 bitartera, baserritik aparte bertze lanbide batzuk suertatu ziren. Beti ere baserria eta haren inguruko lanak izanen ditugu ardatz; baina honez gain, mendiko lanak, Terranovako bakailao arrantza, Ameriketara emigratzeak, kontrabandoa eta Iparraldeko ostatuetan neskek egindako sasoiak dira azalduko zaizkigunak Bortzirietako garaiko gazteentzako lanen artean.
  • Bost truke. Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinak (Jon Sarasua, Pamiela, 2015). Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Bost truke. Bazter horietako gertakari txikien marrazki-sorta moduko bat da: hizkuntza-komunitate gutxituekiko harremanak, kooperazio linguistikoaren pausuak, Boliviako gobernuaren inguruko konturen bat, Serbiako ezker sindikatuen jardunaldikoak…. Jasokinak ibilbidean jasota geratutako puskak dira, egoerak, ekintzen apunteak eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak. Tarteka, kitxuak, aimarak, nasak, kurduak edo eslaviarrak munduaren ertzetako ondoezei buruz ari dira testuotan. Eta, oharkabean, euskararen herriaz ere bai.
  • CAN: eta hemen ez da ezer gertatu (Joxerra Senar, Pamiela, 2015). Eta hemen ez da ezer gertatu. Nafarroako Kutxaren galeraren aurrean, beste aldera begiratu dute Nafarroako elite politiko eta ekonomikoek. Euren erabakien ardura isiltasunezko belo batekin estali nahi dute, baina liburu honek belo hori altxatzea du helburu. Nafarroako fi nantza erakunde nagusiaren hondoratzearen nondik norakoak azaldu eta arduradunak erretratatzen ditu.
  • Chevrolet tropikala (Rafa Egiguren, Susa, 2008). Narrazioa. Euskal Herrian dauzkan arazo pertsonalei ihes egin nahian egun batean La Habanarako bidaiari ekingo dion euskalduna du protagonista, baina ez da nobelako pertsonaia bakarra: bidaian aurkituko dituen kubatarrek itzal handia dute kontakizunean. Iraultzaren irlan sei hilabete pasatzeko asmoz joana da Migel Salaberria Kubara, abioian alboan eseri zaion kubatar argiari aitortu dionez. Harekin egingo ditu tratuak, eta haren bitartez ezagutuko du Kubako jendea: antzerki ikastaro bat ematearekin batera ohean ere aukerako laguna dela erakutsiko dion neska; telefono dei bat duela-eta bere etxera igotzeko gonbita egingo dion emakumea; azken horren osaba iraultzailea... Chevrolet harrigarriaren jabea berriz, ez du berak aurkituko, hark aurkituko baitu bera. Iraultzaren kontraesanetan AEBen blokeoa jasaten ari den herriaren erretratu umoretsua da Chevrolet tropikala, Kubako iraultzak galtza motzetan harrapatu arren hango berri ugari duen autorearen Egigurenen lanak.

  • Diruak behar luke bihotzik (Joseba Azkarraga, Pamiela, 2005). Saiakera. Galdera hauek plazaratzen ditu autoreak. Galdu ote du Arrasateko kooperatibismo globalizatuak bere arima? Arrazoi ekonomikoaren eta pentsamendu bakarraren biktima izan ote da? Ba ote du gaur enpresa eta gizartea eraldatzeko asmorik? Edo bere burua haztea beste helbururik ez duen egitasmo iparrik gabea ote? Bultzada etikoa eta izaera bihoztuna abandonatu ote ditu arrakastaren etorbidearen kale-kantoiren batean?.
  • Diru Teoria Modernoa eta finantza-ingeniaritza (Joseba Felix Tobar Arbulu, UEU, 2013). Krisian gaude. Krisiari aurre egiteko teoria ekonomiko berriak behar dira. Liburuan DTM, hots Diru Teoria Modernoa, ingelesezko MMT (Modern Money Theory), aurkezten da, baita haren erabilera ere. Horretarako, honelako autoreak erabili dira: Randall Wray, Stephanie Kelton, Kansas City-ko Unibertsitateko irakasleak, Bill Mitchell... eta bereziki Warren Mosler.Gaur bertan munduan dauden mugimendu interesgarri batzuk ikertu dira, batez ere arlo ekonomikoan eta finantza-arloan: Islandian, Eskozian...Ondorioz, Euskal Herriaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa kontuan edukiz, Euskal Herrian bertan zer egin behar den galderari erantzutea da liburuaren mezurik garrantzitsuena.
  • Diskurtso kooperatiboak langile-kolektiboan. Kooperatibagintzari buruzko sentipenak Fagor Arrasaten (Arianne Kareaga, Mondragon Unibertsitatea, 2009).
  • Egia esan (Peru Magdalena, Elkar, 2013). Narrazioa. Bilaketari, bideari eta bidaiari gorazarre egiten die bertan, aita-semeen arteko harreman baten testigantzaren bidez. Kimu semea bere aitak Argentinako Andeetan egindako bidaia errepikatzen saiatuko da, honek bidean idatziko koadernoari jarraituz.
  • Eguraldia eta kultura euskaldunen artean. Aroaren berbaroak (Kepa Diegez, Gaiak, 2008). Eguraldi kontuen zale zaretenok honezkero ezagutuko duzue Kepa Diegezen EtnoMet bloga. Gune horretan bat egiten dute antropologiak, etnologiak eta hizkuntzalaritzak. Diegezek eguraldiari buruz idatzitakoek hainbat internauten erantzun eta iruzkin izaten dituzte. Diegezen hitzetan, euskaldunok aroari buruz dugun hitz eta esapide sorta altxorra da eta galtzerik ez bada nahi jaso egin behar da. Bestalde, altxor horri esker herriaren historia bera ere idatz daitekeela dio. Hala, blogeko mamia bildu du liburuan eta haizeez, hodeiez, izarrez, izotz eta elurrez mintzo da.
  • Eguraldia. Euskaldunen herri-jakinduriatik meteorologi ikerkuntzara (Askoren Artean, Gaiak, 2001). Liburuan aztertzen diren gaietatik, honakoak aipa genitzake: Metereologiaren historiaurrea, eguzki-energia eta klimaren baldintzak, tenperatura-banaketa atmosferaren goi eta beheko geruzetan; antizikloiak, depresioak eta eguraldi-mapak; ekaitzak, tximistak, tornadoak; klima motak; etorkizuneko klima eta gizartearen eskuhartzea, urtaroak Euskal Herrian, bertako eguraldiaren iragarleak, naturari begira eguraldia ikastea, metereologiaz dauden euskal hiztegiak, eta metereologiaz pentsatzeko ariketak.
  • Eguzkiaren lasterketa (Askoren Artean, Saure, 2008). Komiki dibertigarri honek Manuelek hotel ekologiko batean bizi dituen abenturak kontatzen ditu. Eguzki-auto harrigarria asmatu duen doktorea, gaizkile saboteatzaile bi eta lasterketa handi bat...
  • Ekaitzaren zipriztinak (MIren Garate, Elkar, 2017). Krisia esan zaion horren errepasoa egiten du kronika-liburu honek. Ez ditu zergatiak bilatzen, ez irtenbideak proposatzen: gizartean utzitako ondorioetan zentratzen da, gogorrago ala leunago guztiok harrapatu baikaitu zaparradak. Hogei hitz aukeratu ditu egileak, alfabetoaren arabera A-tik Z-ra ordenatuta, beste horrenbeste gai jorratzeko: atzerrira joandakoak; berdintasunean krisiak nola eragin duen; dibertsitate falta edo zenbait kolektibok lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak; ekintzailetza; finantzei lotutako engainuak; gazteen arazoak; hartzekodunen konkurtsoak eta enplegua erregulatzeko espedienteak; ikerketa eta garapenaren egoera; janari bankuak; kontsumoa; lanuzteak; mobbing-a; nekazaritzaren etorkizuna; osasun arazoak; prekarietatea; Stop Kaleratzeak elkartea; teknologia aurrerapenek ekar dezaketena; unibertsitatea; xenofobia jarrerak; zahartzaroa eta pentsioak. Gai horietako bakoitzean, protagonista batek lehen pertsonan eskaintzen du bere lekukotasuna, eta ondoren kazetariaren erreportaje landua dator. Proiektu honi esker historia hurbila ikertzeko Tene Mujika saria irabazi zuen Miren Garate kazetari azpeitiarrak.
  • Ekialdeko mamuak (Jon Arretxe, Elkar, 2002). Bidai-liburua. Turkia eta Iran.
  • Ekoizpenaren kudeaketa (Itziar Gurrutxaga, Elkar, 2010). Enpresen ekoizpen sistema desberdinak ezagutzeko aukera ematen du liburuak.
  • Ekologia ala hil (Gaiak, Gaiak, 1991). Ekologiaren oinarrizko kontzeptuak aztertzen dira: ur ekosistemak, lur ekosistemak, ekosistemen arteko energiaren fluxuak, espezieen arteko harremanak, espezieak eta ingurugiroa, gizakia eta biosfera...
  • Ekologia eta ingurugiroaren gida (Sarda Taldea, Gaiak, 2000). Gaur egun hain garrantzitsu bihurtu zaigun Ekologia diziplina garatzen da liburu honen orrialdeetan, baina g a i k a k o h i z t e g i moduan; alegia, hogeita hamalau oinarrizko kontzepturen bidez, gai bakoitzean arazo interesgarrienak aztertzen direlarik: klima-aldaketa, biodibertsitatea, berotegi-efektua...
  • Ekonomia (William Nordhaus, 1999). Munduko edozein ekonomia eskoletan erabiltzen den sarrera-lan ospetsua.
  • Ekonomia Globala. Gizarte globalerako oinarri berriak (Efren Areskurrinaga Mirandona, Eduardo Bidaurrazaga Aurre, Alfonso Dubois Migoya, Helena Franco Ibarzabal, Yolanda Jubeto Ruiz, Jon Larrañaga Agirrezabal, Mertxe Larrañaga Sarriegi, Elena Martinez Tola, Antxon Mendizabal Etxabe, Mikel Zurbano Irizar, UEU, 2010). Globalizazioa azken hogeita hamar urteetako aldaketa ugariren adierazpena da eta, dimentsio ugari dituen arren, arlo ekonomikoan du iturburua. Ekonomiaren nazioarteratzearen fenomenoa aspaldiko kontua izan arren, unerik gorenean dago gaur egun. Merkatu globalen erabateko ahalmenarekin bat eginez, enpresa eta finantza-eragile globalek inoizko botere mailarik handiena dute nazio zein nazioarteko agertokian. Aldiz, mundu-mailako gobernantza oso ahul eta zatikatua dago. Politikaren globalizazioa oso urria da eta, beraz, estatuek jarraitzen dute botere politikoaren erantzule ia bakarrak izaten nazioarteko esparruan. Bikoiztasun hau —ekonomiaren globalizazioa eta politikaren esparru estatala— da gaur egun ekonomia, politika eta gizartearen distortsio faktore nagusia. Aurreko argitalpen batean ere azpimarratu genuen egoera honek desegonkortasunerako duen arrisku potentziala. Orain bere adiera gordinenean gorpuztu da, atzeraldi handi orokorrean, alegia. Botere politikoa nazio-estatu mailakoa izanik, guztiz mugatzen da merkatu eta eragile ekonomiko globalek sortutako krisiari erantzuteko ahalmena, are gehiago estatuen erantzunak eta neurriak koordinatzeko eta norabide bertsuan ipintzeko tresna instituzionalik eta borondaterik ezean. Krisiaren kudeaketa oso disparekoa, bidegabea eta efikaziarik gabekoa suertatzen ari da. Botere ekonomiko globala botere politikoa irensteko zorian dago, Europako 2010eko udaberriko gertakizunek erakusten duten bezala.Ekonomia globalaren azterketa egiten dugu orriotan. Nazioartean sortzen diren ekonomia-trukeek dituzten egitura eta itxura ez dira kasualitatearen ondorio, baizik eta aurretik —zuzenean edo zeharka— hartutako erabaki politiko eta instituzionalen ondorio. II. Mundu Gerraren ondoren, munduko Mendebalde kapitalistan nazioarteko merkataritza eta diru-sistema zein finantza-sistema jakinak itxuratu ziren, ekonomia politika keynesiarren testuinguruan. Horien emaitzak izan ziren Iparraldeko herrietako hazkunde bizkorra eta Hegoaldeko mendekotasunezko egoera. 1980ko hamarkadatik nazioarteko finantza- eta diru-sistemen suntsiketarekin bat neoliberalismoa nagusitu zen estatuen interbentzio-era nagusi gisa. Horrek, ingurumenean ez ezik munduko ongizatean eta giza garapenean ere eragin kaltegarriak ekarri ditu. Nolanahi ere, mundu mailako kalteak gutxitu edo erreparatzeko trenza instituzionalak behar dira maila berean eta horrekin kohesio eta justizia globalaren estrategiak indartu. Ekonomia globalaren errealitatea bidezkoa nahi bada, gizartearen ongizate eta kohesio globalak dira berehala aintzat hartu beharreko erronkak.
  • Ekonomia Ituna (Askoren Artean, Eusko Jaurlaritza, 2003). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta Euskadiko Zerga-Koordinaziorako Organoari esker plazaratu da, euskaraz zein gazteleraz,"Ekonomia Ituna", bere CD-roma eta guzti, eta 2002an berritu zen Ituna eta 2002-2006 bosturteko kupoa zehazteko legea dauzka mamitzat, eranskin gisa "Euskal Autonomia Erkidegoko behin-behineko kupoa 2002.eko abiaburu-urterako" daramalarik. Juan Jose Ibarretxek egindako "Euskadiren autogobernurako eta ekonomiaren garapenerako hitzarmena" hitzaurrea ere badu. Izan ere, 2002an izan zen Ekonomia Ituna erabat berritu zen lehengo aldia, 1981ean onartu zenetik, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua indarrean dagoenetik bost aldaketa ere izan dituen.
  • Ekonomia politikoaren eta tributazioaren printzipioak (D. Ricardo, Klasikoak, 1995).
  • Ekonomia ulertzen hasteko (Gaiak, Egile editore, 1993). Historian zehar izan diren egitura ekonomikoak, indize ekonomikoak, globalizazioa, Euskal Herriaren egoera...
  • Ekonomiako lehen pausoak (Maïte Rungis, Lur, 1974).
  • Ekonomialari harrituen manifestua (Philippe, Denonartean, 2011). 80 orrialde eta hamar ebidentzia faltsurekin neoliberalismoaren hainbat egi borobil desegiten ditu. Inma Erreak itzulia, eta Joxerra Senar Berria-ko kazetariaren hitzaurre interesgarria duela.
  • Ekonomiaren historia, I eta II (John K. Galbraith, Gaiak, 1996). Autorea Greziatik hasten da eta gaurko bizitza ekonomikoaren azterketaren aitzindari izan direnekin (Adam Smith, Marx eta Keynes) bukatzen du.
  • Ekonomiaren oinarriak (Iñaki González de Garai, Gaiak, 1997). Jarduera eta sistema ekonomikoak, lanaren zatiketa teknikoa eta soziala, ekonomi ekoizpena eta elkarmenpekotasuna, trukea eta merkatua, lan-merkatua eta langabeziaren kausak.. aztertzen dira, Batxilergo berrien beharretara egokiturik.
  • Ekosindikalismoa. Ekologismoaren eta sindikalismoaren arteko kontraesanak eta kidetasunak (Iñaki Barcena, Manu Robles-Arangiz Institutua, 2005). Ekosindikalismoari buruzko hausnarketa. Hainbat ekologistek eta ezkerreko jendek mugimendu sozialen herentzia intelektuala eta analisi-ikuspegia oinarri harturik gaiari buruz egindako gogoeta jasotzen du. Beraien aburuz, euskal gizartea «amerikartu» egin da, Mendebaldeko beste gizarteak bezala, eta merkatuaren menpeko bihurtu dira gure produzitzeko eta kontsumitzeko erak. Diotenez, bizi-maila eta bizi-kalitatea bereizten oso ondo ikasi beharko genuke, ez baitira gauza bera.
  • ELB, Ipar Euskal Herriko laborarien oihartzuna (Martine Sistiague, Gatuzain, 1999). Laborari sindikatuaren sorrera aurreko egoera azaltzen du, hasteko. Ondoren Euskal Herriko Laborarien Batasunaren bilakaera osoa datorkigu. Urtez urte sindikatuak Iparraldeko laborariek sofritu behar izan dituzten gorabeherak haizatzen ditu: laborari txikiak direla, ardi esnearen prezioa dela, mozkinen kalitatea, lan tresnen banaketa, barnealdearen egoera dela... Historiaz gain, etorkizunari begira hasiak dira sindikatuan eta laborari sindikatua izatetik aktore sozial bilakatzeko bidean dira.
  • Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegia entziklopedikoa (Elhuyar, 2009).
  • Elikagai transgenikoen arazoak (Genomalariak, Gaiak, 2005). Bioteknologiaren eta ingeniaritza genetikoen aurrerapenak.
  • Elikagaien segurtasuna eta kalitatea XXI. mendean (Iñaki Etaio Alonso, Olaia Martinez Gonzalez, UEU, 2012).Ikuspuntu didaktiko batetik jorratzen dira liburu honetan zehar elikagaien segurtasunarekin eta kalitatearekin lotutako gaiak.Segurtasunari dagokionez, elikagaietan ager daitezkeen arrisku nagusiak azaldu eta merkatu globalizatuan arrisku horiek antzeman eta kontrolatzeko dauden erremintak (informazioaren elkartrukerako sareak) aipatzen dira. Horretaz gain, Codex Alimentariusak proposatutako autokontrol-sistema (AKKPA/HACCP) ezartzeko eman beharreko oinarrizko urratsen inguruko argibideak eskaintzen dira.Segurtasun-bermea funtsezko ezaugarria bada ere, kontsumitzaileek bestelako alderdi batzuk baloratzen dituzte elikagaiak aukeratzeko orduan, besteak beste, nutrizio-ezaugarriak eta prestatzeko erraztasuna. Gai horiek guztiak kudeatzeko sistema integratu hedatuenak deskribatzen dira (ISO 9001, ISO 22000, IFS, BRC...). Bukatzeko, elikagaien kalitatearen azterketa hainbat ikuspuntutatik egin daitekeen arren (aldagai fisiko-kimiko, mikrobiologiko...), argitalpen honetan sentimen bidezko analisirako tekniketan ipini da arreta, kalitate-kontrolaren ikuspegirik ezezagunena eta gutxien garatutakoa baita gaur egun.
  • Energia trantsizioak: iraunkortasuna eta demokrazia energetikoa (Askoren Artean, EHU, 2016).
  • Energiaren hiztegi entziklopedikoa (Elhuyar, Energiaren Euskal Erakundea, 2000). Euskarazko definizioak eta atal entziklopedikoak.
  • Energia urriko mundu baterako gida (Gorka Bueno, Manu Robles Arangiz Institutua, 2007). Autoreak energiaren auzia ulertzeko beharrezkoak dire gaiak jorratzen ditu: ènergiaren egungo egoera, instituzioen jarrera, energia berriztagarrien ahalmenak eta mugak.. eta, jakina, nola moldatu energia urriko mundu batean.
  • Enirio-Aralar mankomunitatearen urteurrena, 1409-2009 (Alfredo Moraza, GFA, 2011).
  • Enplegu, interes eta diruari buruzko buruzko teoria orokorra (J. M. Keynes, Klasikoak, 1998).
  • Enpresa komunikazioa profesionalen ikuspegitik (Askoren Artean, UEU, 2007). Ikus-entzunezko teknologiek egundoko garapena nozitu dute azken urteotan eta teknologia horien garapen-zentzuarekin batera hedatu da, halabeharrez, "komunikazioa" terminoa. Hitz oso erabilia eta adiera anitzekoa, gaur egun. Horren lekukotasuna eman nahi izan dute, halaber, komunikabideek. Termino horren baitan, ordea, anitz ideia bilbatzen dira. Komunikazio berbaren aurretik "enpresa" edo "erakunde" ezartzen badugu, adiera bakar batez ari gara, ordea: enpresa edo erakundeek, barrura zein kanpora begira, beren berri emateko, beren produktua edo zerbitzua azaltzeko eta beren proiektuaren ingurura jendea erakartzeko erabiliko duten estrategia. Liburu honetan enpresa- edo erakunde-komunikazioaren ikuspegi bateratu bat proposatu eta eskaintzeaz gain, ekarpen bikoitza egin nahi izan da: komunikazio globalaren kontzeptua batetik, hau da, ikuspegi integral batetik komunikazio-estrategiak nola zehaztu daitezkeen aztertzea. Eta bestetik, komunikazioaren kudeaketa kontzeptua, hots, helburu jakin baten gainean zehazten eta planifikatzen dela azpimarratzea, epe ertainera edo luzera begira. Liburu honetan, orobat, enpresa-komunikazioaren zutabe nagusien ikuspegia eta kudeaketarako estrategiak jaso dira, bai komunikazioko profesionalen jardueraren eta esperientziaren deskribapen hurbila eginez, bai profesional horien lekukotasunak elkarrizketa bidez jasoz.
  • Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: Teoria eta praktika (Iñaki Heras, UEU, 2004). Esku artean duzun liburukote hau enpresaren ekonomia eta zuzendaritzari buruzko eskuliburu nahiko tradizionala duzu. Ondoko gai hauek jorratzen dira, besteak beste: enpresaren ingurunea, antolaketa, finantzak, ekoizpenaren edo eragiketen zuzendaritza, marketina, giza baliabideen kudeaketa eta kalitatearen kudeaketa. Ordea, eskuliburuak baditu -hala uste dugu behintzat- zenbait ezaugarri berezi. Batetik, liburuan zehar une bakoitzean aztertzen diren kontzeptu teorikoak, baita oinarrizkoenak ere, gaiari buruzko kasu, adibide, testu osagarri, ariketa eta irudien bidez ahalik eta gehien osatzen saiatu gara. Bestetik, azpimarragarria da aipatu kasu, testu eta adibide horiek nazioarteko enpresa-mundukoak ez ezik, gure enpresa-mundutik ateratakoak ere izan daitezen egin dugun ahalegin berezia. Era berean, enpresaren funtzio edo sistema guztiek elkarrekin duten erlazio handia azpimarratzen saiatu gara testuan. Halatan, eskuliburu hau interesgarria eta erabilgarria izan daiteke -hori espero dugu behintzat- enpresaren administrazioari edo antolaketari buruz ikasgairen bat ikasi behar duen unibertsitateko edozein ikasle eta irakaslerentzat. Bereziki, jakinekoa da hori, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Ekonomia ikasketak egiten dituzten horientzat; baina ez soilik horientzat; izan ere, ezaguna denez, ikasleek gero eta uni-bertsitate-ikasketa gehiagotan jasotzen baitituzte eskolak gai hauei buruz (Erdi-mailako eta Goi-mailako Ingeniaritzan, Lan Harremanetan, Zuzenbidean, Soziologian edota Humanitateak eta Enpresa ikasketetan, besteak beste).
  • Enpresaren etika (Javier Goroskieta, Deustuko Unibertsitatea, 1999). Makroekonomiaren alorreko zenbait gai biltzen da liburuan, adibidez, merkatu teorikoena eta inflazioarena; baita enpresaren ekonomiaren alorreko beste hainbat ere. Baina guztietan agerian utzi nahi du egileak gai horiek eta benetako munduak, horren barne bai pertsonak (kontsumitzaile, langile, langabetu), bai natura bera ere (ekologia) hartuz, dituzten harremanak. Halaber, gai horietan enpresarioak edo, besterik gabe, enpresako zuzendariak duen eginkizuna aztertzea du helburu egileak.
  • Enpresen sorrera EAEn XXI. mende-atarian (Iñaki Peña, Elhuyar, 2003). Enpresen sorrerak XX. mendeko azken hamarkadan izandako gorabeherak aztertzen dira. Hainbat azalpen teoriko aurkezteaz gain, euskal enpresa berrien eguneroko errealitatea hurbiletik ezagutzea izan du xede lan honek.
  • Eraikuntzako materialak (Nuria Monasterio Gisasola, 2009). Liburua Herri-lan Ingeniaritza Teknikoko bi irakasgaien programan oinarritzen da, Materialen Zientzia eta Eraikuntzako Materialak izenekoetan. Testu honen jatorria gaztelaniaz zein euskaraz eskolan banatutako apunte batzuetan dago. Apunte horiek liburu honen bibliografian aipatzen diren obretan oinarrituta daude. Bibliografian ikus daitekeenez, liburu guztiak gaztelaniaz idatzita daude edo ingelesezko itzulpenak dira, hortik material hau euskaraz sortzeko ideia. Lehenengo hiru gaietan materialen zientziari buruzko oinarrizko kontzeptuak azaltzen dira; helburua materialen egituraren, propietateen eta fabrikazio-eraren artean dagoen harreman estua azaltzea da. Gero, laugarren gaitik aurrera, teknikariek eguneroko jardunean obretan aurkituko dituzten materialen ezaugarri oinarrizkoenak azaltzen dira. Gaiak ez daude sakontasun handiz garatuta. Izan ere, liburuaren helburua da titulatu hauentzat eta, oro har, edozein teknikarirentzat baliagarria izan daitekeen materialei buruzko oinarrizko irakurketa izatea, alegia, nahi izanez gero, gaiak garatzeko abiapuntua.
  • Erantzuna haizean dabil (Patxi Zubizarreta, Txalaparta, 2016). Narrazioa. 1987. urtea da: Sobietar Batasunak Soyuz espaziontzia orbitan jarri du; Salt Lake Cityn Theodore Kaczynskik -Unabomber- bonba bat jarri du; Ingalaterran Margaret Tatcherrek bere hirugarren eta azken agintaldia eskuratu du; Bartzelonako Hipercorren ETAk atentatua egin du 21 hildako eraginez; hiri horrexetara bizitzera joan den Adelak uztailaren 7an 18 urte beteko ditu eta liburu honetako protagonista gaztea Hendaiatik harantz abiatuko da Uruguaik irabaziko duen Amerikako Futbol Kopa jokatzen ari diren bitartean. Ikasturte amaieran, San Juan suak elkartu zituen Tomas eta Adela, baina distantziak itzali egin dezake amodio sortu berria. Dena dela, Tomasek destinu petralaren aurrean etsi ez, eta Adelari hitz eman dio bizikletaz besterik ez bada ere, Kantauri itsasoa Mediterraneoarekin lotuz, urtebetetze egunean Katalunia Plazan agertuko zaiola. Halaxe sortuko zaie hitzordua eta horixe iradokitzen du izenburuak: Erantzuna haizean dabil... Zer gertatuko da hainbeste kilometrotan zehar? Egun horretan norbait agertuko al da helmugako plazan?
  • Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Mitxelko Urang, Pamiela, 2014). Juan Zelaia Saria 2013 Mitxelko Urangaren entsegu-lan honek erotismoaren merkantilizazioa eta merkatuaren erotizazioa jorratzen ditu, biak uztartuz prozesu orokor baten bi alde banaezinak direlakoan. Lanak pentsarazten digu gure garai honetako kapitalismoari dagokiola halako lege nagusi bat, sedukzioarena nonbait, eta lege hura, aipatu barik ere, zertan den azaltzeko bidea jorratzen laguntzen digu. Merkatuak Erosaren potentzia barneratu duen eran, badirudi sexua eta erotismoa, oro har, merkatuaren gai kutuna bihurtu direla. Nonbait, ez dakigu bizitzen sexua eta erotismoa salerosketatik kanpo, kontsumoaren logikatik kanpo. Eta gertaera horietan denetan, lanak boterearen konfigurazio zahar eta berrien zantzuak ikusten laguntzen digu. Bai gizarteari, bai norberari, merkantilizazioa ezarri erronkak, esate baterako zoriontasun eta osotasun lortezinak baina aldi berean ezinbestekoak, begi bistan jartzen saiatu da egilea, baita norainoko eragina izan duten argitzen ere. Eta halaxe, galdera asko iradoki eta irekita uzten dizkigu saioak, gure iritziz ez hutsalena honakoa: zeinek kolonizatu du zein, erotismoak merkatua ala merkatuak erotismoa? Ongi jakin arren merkatuak aspaldi kolonizatu zuela gure bizi-mundua.
  • Errekuperatzaileak (Pablo Sastre, Elkar, 2015). Lanaz eta laneko jendeaz ari zaigu liburu honetan Pablo Sastre: haurtzainez eta ingurameningeniariez, igeltseroez, jostakinez, langile polibalenteez, buru-ehiztariez… Azken hamarraldietan hedatu diren profesional-sailei emanik arreta berezia: “Jende atalkatu eta jende deskonponduen” laguntzaileei.Errekuperatzaileak: autorea eta bere lagunak; lan-merkaturako formatu eta formateatu partez, gizonak eta emakumeak desespezializatzearen, berrosatzearen alde pario egin dutenak, eta horretarako: “Aspaldiko zereginen eta lan-moduen gure-egitea baino deus baliosoagorik ez da”. Lan autonomiari buruz.
  • Erromes baten egunerokoa (Xabin Egaña, Bassarai, 2001). Done Jakue bidearen isla. Somportetik Finisterrera oinez joan zen idazlea. Uztailean hasi eta irailean amaitu zuen bidaia, presarik gabe. Izan ere, presa ez zitzaion komeni bidaia ilustratu zuten 55 akuarelak margotzeko. Orduan ere, bidaian bizitako uneak margoetan islatu zituen eta literatur oharrekin lagundu zituen. «Kanpoaldeko eta barrualdeko paisaien ilustrazioak dira», azaldu zuen egile berak. Done Jakue bidea egitera doan edonorentzat erreferente bat egin nahi izan zuen Egañak.
  • Errumania: "Periko txoriburu". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclée de Brouwer, 2008). Bilduma honetan egileek herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua ( Herri-zaporea) aniztasunaren aldeko apustua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi ditugu. Ale honekin Errumaniako zapore eta ohiturak ezagutzeko ezinbesteko aukera aurkituko dugu eta hango ipuin ezagun bat irakurriko dugu.
  • Errusia: "Elurretako erregina". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclée de Brouwer, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu.
  • Eskuizkribuak (Ekonomia eta Filosofia) (Karl Marx, Gaiak, 2001). Karl Marxek 26 urte zituen orain Iñaki Azkunek euskaratu eta Gaiak argitaletxeak plazaratutako "Eskuizkribuak. (Ekonomia eta Filosofia)" lanean agertzen diren gogoetak idazterakoan. Orduko Marx, filosofikoagoa zen "Kapitala" idazlanarekin ezagutzera emango zen pentsalari zientifikoa baino, alegia ideologikoagoa, ekonomia politikoa, jabego pribatua, komunismoa edota garapen ekonomikoak herrien nortasun eta kultura nazionalen eboluzioan dituen eraginak bezalako gaiak aztertzerakoan. Haatik, Engelsekin batera Lehen Internazionala sortu zuenak, epe laburrera, filosofi ikuspegia erabat baztertu gabe, ekonomiaren zientzian murgiltzeari ekingo zion, "Ekonomia politikoaren kritikarako oinarrizko elementuak" lanean, kasu. Eta "Kapitala" guztiz zientifikoa egiten saiatu zen, filosofia eta ideologiatik urrun ibiliz.
  • Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna (Mikel Navarro, Deustuko Unibertsitatea, 2006). Liburu honetan Espainiako ekonomiaren eta enpresen lehiakortasunean eragiten duten ingurune ekonomikoaren faktore nagusiak aztertzen dira: diru eta finantza-sistema, biztanleria eta lan-merkatua, berrikuntza-sistema, sektore publikoa, kanpo-sektorea... Espainiako ekonomian interesatua dagoen zeinahi heziketatako pertsonarentzat baliagarria izan daiteke, teoria ekonomikoko aldez aurretiko jakiterik eskatzen ez duelako. Espainiako ingurune ekonomikoa, gainera, beti ere beste herri garatuetakoarekin alderatzen da, eta, horrela, lehiakortasunean eragiten duten hainbat faktoretan Espainiaren eta gainerako herrien posizioa zein den agerian uzten da.
  • Espazioaren esplorazioaren historia (Stephanie Lesu eta Stephane Frattini, Ttartalo, 2017). Espazioaren konkistaren historia Eguzki-erlojutik Marte zapaldu arte. Lehen gizakiek ere begiratzen zieten izarrei. Geroago, izarretan urtaroen hurrenkera irakur zitekeela ohartu ziren. Zientziak ezagutza ekarri zuen. Gizakiaren eta zeruaren abentura handia ipuin antzera kontatua dokumental zoragarri batean!
  • Eta hemen ez da ezer gertatu (Joxerra Senar, Pamiela, 2015). "Nafarroako Kutxaren galeraren aurrean, beste aldera begiratu dute Nafarroako elite politiko eta ekonomikoek. Euren erabakien ardura isiltasunezko belo batekin estali nahi dute, baina liburu honek belo hori altxatzea du helburu. Nafarroako finantza erakunde nagusiaren hondoratzearen nondik norakoak azaldu eta arduradunak erretratatzen ditu".
  • Europa Biziz¡ Aniztasunaren bitakora (Daniel Burgi, Donostia, 2017). Liburu hau 2016ko udan zehar kontinenteko giza eta kultura-aniztasuna erregistratuz Europa bizikletaz zeharkatu zuten bost BIZIZ espedizio eta enbaxaden ondare fisikoa da. BIZIZ enbaxadak DONOSTIA 2016 Kultura Hiriburutzak diseinatu zituen haien ibilbideetan Europako bizitasuna erregistra zezaten. Aurkezpenean egilea, Daniel Burgui, izan da, Kultura diputatu Denis Itxasok eta Donostia 2016ko Xabier Payak lagunduta. Esperientzia haren emaitza eta lekuko dokumental gisa ‘EUROPA BIZIZ!’ bidaia-liburua jaio da. Enbaxada mugikor horiek osatu zituzten komunikatzaileek bizi izandako esperientzia eta egindako behaketen azalpen ordenatu bat da; baina baita haiekin lotutako istorio eta material berri eta argitaragabeena ere. Egileek edo haien bidaideek egindako mapa, irudi eta argazkiekin, edo obra honetarako prestatutako beste berri batzuekin batera. Liburu hau, doakoa eta irabazi-asmorik gabea, Creative Commons lizentziapean prestatu da. Horrela, Interneten eskuragarri egoteaz gain, liburutegi eta kultura-etxeetan banatuko da. Liburuak 400 orrialde ditu koloretan, gaztelaniaz eta euskaraz, mapa irudiztatuak, argazkiak eta bizitzarako gonbidapena izan nahi duten 30 istorio on. Daniel Burgui Iguzkiza kazetariak editatu eta koordinatu du; eta Julen Gabiria idazleak, euskarazko bertsioan. Bizitzaren Itsasargia. Biziz Bizitzaren Itsasargiaren enbaxada anizkuna izan zen, bost espediziok bizikleta gainean osatua, eta 2016ko udan, Europa zeharkatu zuten beste horrenbeste ibilbide tematikotan. Bakoitzak 3.000 kilometrotan eragin zieten pedalei, guztira 15.000 kilometro, eta 19 muga pasatu zituzten. Misioak kontinenteko geografia fisiko eta giza geografia aberatsa erregistratzeko diseinatu ziren, eta ekainean ekin zioten beren bidaiari bakoitzak hiri europar batetik: Las Palmas, Copenhague, Constanza, Atenas eta Kaliningrado izan ziren, hurrenez hurren, arkitekturari, biodibertsitateari, erkidegoei, gastronomiari eta sexualitateari eskainitako ibilbideen abiapuntu. Bost komunikatzaile hautatu ziren deialdi irekian: Aitor Deza, Julen Nafarrate, Antxon Arza, Daniel Burgui eta Rubén Olveira. Ibilbide bakoitzean zehar, eta bizitegi ibiltari gisa, espedizio bakoitzak bere bidean aurkitu zituen bizimodu eta ohituren kontakizuna prestatu zuten. Bost espedizioek egin zituzten ibilbideak halako moduz diseinatu ziren, non ibilbide bakoitzaren gaiei lotutako hiriak bisitatzeaz gain, bisitatuko zituzten, baita ere, Donostiarekin senidetutako herriak (Plymouth, Trento, Wiesbaden), Europako Kultura Hiriburua 2016ko finalista izan ziren hiri espainiarrak (Burgos, Kordoba, Kanaria Handiko Las Palmas eta Zaragoza), eta Europako Kultura Hiriburu izan diren edo izango diren hogeiren bat hiri europar. Abentura irailaren 18an amaitu zen, pedalei eraginez 15.000 kilometro inguru egin eta 19 herrialdetan aztarna utzi ondoren, bost espedizioek Donostian, beren bidaien azken helmugan, bat egin zutenean.
  • Europako Batasuna XXI. mendean (Askoren Artean, Gaiak, 2000). Europako Batasuna eraikitzeko eman diren urrats nagusiak jasotzen ditu liburu honek, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren Europako buruzagiek Kontinente Zaharreko bake politika ziurtatzeko eta ekonomia osatzeko bide bakarra Europa batzea zela pentsatu zutenetik gaur egun arte. Halere, azterketan zehar batasun horrek kultura eta hizkuntza gutxituei zabaltzen dizkien arazo berriak azpimarratzen dira. Liburuan lantzen diren beste gai batzuk: Europa berdea, Europa urdina (hau da, arrantza politikari lotua dagoena), Europako gizarte politika, ingurumena, egitura politiko eta militarrak, moneta, kanpo harremanak eta Europako Merkatu Handia, besteak beste.
  • Europako mugetan barrena (Edorta Jimenez, Txalaparta, 2001). Europan zehar kultura desberdinetako ehun idazle inguruk egindako bidaian bizitutako esperientziez zein egunkarietara bidalitako kronikez osatutako bidaia-liburua. Horrez gain, Europari buruzko zenbait gogoeta eta deskribapen ere ageri dira.
  • Europako nazioak (Urtzi Ihitza, Lemuria, 1998).
  • Euskadi dolutan. Lemoizko zentral nuklearra euskal trantsizioaren ikurra (Raul Lopez, 2012 Euskadi fundazioa, 2012). Saiakera.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmena (Baleren Bakaikoa, UEU, 2007). Liburu honetan bi gai nagusi jorratzen dira. Lehenengo zatian, EAEn indarrean dagoen Ekonomia Ituna aztertzen da eta itun horrek euskal erakundeei onartzen dizkien eskumenak itundutako zergen bidez ekonomia-jardueran eragiteko. Zerga-eskumen horiek direla eta, Foru Arau ugari onetsi dituzte foru-erakundeek eta behin eta berriro errekurrituak izan dira, merkatu askeko legeen aurkakotzat hartu dituztelako. Beste atal batean, administrazio zentralaren eta EAEko erakundeen arteko finantza-fluxuak aztertzen dira, kupoa zein doikuntzak. Bigarren partean, Nafarroako Ekonomia Hitzarmena jorratzen da eta zerga-sistema hori EAEkoaren berdina izan arren, lege-babes handiagoa du. Ondorioz, gutxiagotan errekurritu dira zerga-legeak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari begira (Askoren Artean, Deustuko Unibertsitatea, 2004). EAEko ekonomia zertan den azaltzen da.
  • Euskal baserriaren inguruan (J.Alustiza, Arantzazu, 1985).
  • Euskal bidaiarien memoria. Explorazioa eta abentura (Angel Martinez Salazar, Elea, 2004). Erdi Aroan eta batik bat Aro Modernoan eta Aro Garaikidean.
  • Euskal harriak (Joseba Azkarraga, Alberdania, 2011). Saiakera. Zibilizazio moderno-industrialak izugarri hobetu du hainbaten bizitza. Aro industrialean pentsaezina zen bizi maila eta erosotasuna eskaini ditu. Aldi berean, bestelako indarrak ere mugiarazi ditu: suntsipenerako gaitasun aparta, ezberdintasun egundokoak, eta ekosistemetan kalte handiak eragiteko ahala, zibilizazioaren beraren biziraupena zalantzan jartzerainoko ahala hain zuzen. Eraikin moderno-industrialak, pixkanaka, arrakala sakonak erakutsi ditu bere zimenduetan. Aurrekaririk gabeko desafioen aurrean gaude eta aski ezaguna da hala egotearen arrazoia: zibilizazio modernoaren proposamenei jarraiki eraikitako biziera ez iraunkorrak. Gure metabolismo sozioekonomikoaren etengabeko hedatzeak talka egiten du mugatua den biosferarekin, seguruenera ez dago hori baino kontraesan handiagorik. Eta kontraesan horri aurre egiteko pentsabideak eraikitzea, gaurko eta etorkizuneko zeregin politikorik garrantzitsuentzat jo daiteke. Baita euskal gizartearentzat ere.
  • Euskal Herria bere gain. Euskal Herriko subiranotasun monetario eta ekonomikoa aztergai (J. Tobar-Arbulu, Enbolike, 2000).
  • Euskal Herria globalizazioaren aurrean (Patxi Juaristi, BBK, 2001).Egileak globalizazioaren emaitza eta eraginei buruz dagoen ezadostasuna azaltzen du. Izan ere, globalizazioaren ondorio ekonomiko, politiko eta kulturalen aurrean aldeko zein aurkako argudioak sortu dira, eta horiexek azaltzen ditu Patxi Juaristi Larrinagak, Euskal Herriak aurrean dituen erronka eta aukerak ezagutarazteko helburuarekin. Horretarako, euskal gizartean eragina duten zenbait alor ere ikertu ditu (demografia, ekonomia, teknologia), hala nola barne politika, kultura eta baloreak, eta datorkigun egoera berriarentzako behar bezala prestaturik egoteko hartu beharreko norabideen inguruko gogoeta eskaintzen du.
  • Euskal Herria datuen talaiatik 2006 (Aztiker, Txalaparta, 2006). Euskal Herri osoaren datu estatistikoak. Demografikoak, sozialak, ekonomikoak eta linguistikoak.
  • Euskal Herria: erronka sozio-ekonomikoak (Askoren Artean, Gaindegia, 2010). Liburu honek izen handiko 13 pertsonaren iritziak biltzen ditu, guztiak ere hemen eta munduan gertatzen denaren jakitun direnak. Iritziak galderen bidez bildu dira, eta galderen helburua izan da Euskal Herriak alor ekonomiko eta sozialean dituen erronkak azaltzea.
  • Euskal Herria eta arrantza (A. Arrinda, Kutxa, 1977).
  • Euskal Herria goitik behera: lana zeruan egiten (Santiago Yaniz, 2015).
  • Euskal Herriko ekonomia (Askoren Artean, UEU, 2002).
  • Euskal Herriko ekonomiaren historia (Anton Borja, Gaiak, 2009). Historiaurrean hasi eta gaur egun arterainoko errepasoa eskaini du Borjak, hainbat faktore aztertuz: nekazaritza, industria, merkataritza, demografia, gizarte-dinamika, sistema politikoak... Ezaugarri horien argitara analisi sakona egiten du lanak gure herriaren historiako unerik gatazkatsuenean. Erromatarren etorrera, hiribilduen sorrera, klase feudalak, foru-sistema, erregimen zaharraren krisia, Karlistadak edota industrializazioa ikuspegi ekonomikotik landuta aurkituko ditu irakurleak azal gogorreko edizioan aurkeztutako lan sakon honetan.
  • Euskal Herriko ekonomiaz, 1955-1967 (Gurutz Ansola, Gero, 1971).
  • Euskal Herriko geografia. Landa eta industri eremu eta jarduerak (Askoren Artean, Ostoa, 1998). Guneen ezaugarriak eta mugaketa, bakoitzak hartzen dituen jarduera ekonomikoen arabera. Dagokion informazio grafikoa du.
  • Euskal Herriko hezeguneak (Mikel Estonba, Elhuyar, 2002).
  • Euskal Herriko Ibaiak ( Andres Iñigo eta Patxi Gale, Euskaltzaindia, 2014). Euskal Herriko 414 ibai nagusiren izenak biltzen ditu "Euskal Herriko ibaiak" liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak. Ibaiak bederatzi zerrenda nahiz mapatan sailkatu dira, bederatzi alderdi hidrografikori dagozkionak. Hala, zerrenda alfabetikoaz gain, aipatutako sailkapen hori eta zerrenda bakoitzari dagokion mapa eskematikoa ere eskaintzen dira liburuan. Antolatzeko irizpidea geografikoa izan da gehienbat, ahal izan den neurrian arrazoibide politiko-administratiboak alde batera utziz. Honako hauek dira sailkapeneko zerrendak eta mapak: Bizkaiko kostaldean itsasoratzen diren ibaiak (denera 38).
  • Euskal Herriko kostaldea (Mikel Estonba, Elhuyar, 1999).
  • Euskal Herriko kostaldea (J. Lugaresaresti & E. Garcés, Saure, 2002). Komikia. Ipar Europako bi neska gaztek Euskal Itsasegiarekin topo egingo dute oporretan eta Josebak eta Evak haien bidaia kontatuko digute euskal itsasertzean.
  • Euskal Herriko museoak (Pinar Matey, Ibaizabal, 2004). Ibaizabal argitaletxearen Euskal Gaiak Bilduman plazaratutako lan honek Euskal Herrian diren museo nagusietara hurbiltzen gaitu, lurraldez lurralde bakoitzaren deskripzioa eta azterketa eginez. Era guztietako museoak aurki daitezke liburuan, hau da, arkeologiako museoak zein Jorge Oteiza museo etnografikoa; elizbarrutietako eta katedraletako museoak zein armen museoak; Iruñeko Oppidumaren museoa zein agoten museo etnografikoa edo Laborantzako eta Artzaintzako museoa; Chillida-Leku, Zumalakarregi, Igartubeiti, Guggenheim, Bonnat edo Balentziaga bezalako museoak zein Gatzaren Ekomuseoa, Munduko Tximeletak Erakusketa Iraunkorra, Euskal Poliziaren museoa, Euskal Buztingintzaren museoa, Itsas museoak, Txokolatearena....
  • Euskal Herriko urak (EHU, Gero-Mensajero, 1995).
  • Euskal ingurugiroa: itsasoa (Miguel Ibañez, Kriseilu, 1992).
  • Euskaldunen Amerika. Bidaia bat EEBBetan zehar (Joseba Etxarri, Elkar, 1994). Kronika. Autoreak Estatu Batuetan zehar egin daitekeen bidaia berezi bat eskeintzen digu, tokian tokiko euskaldunak topatuz eta elkarrizketatuz.
  • Euskalerritik ibiltaldi bat (Agustin Ibarrola, Ibaizabal, 1986). Bidai-liburua. Agustin Egurrolak idatzi zuen liburu hau, eta bertan kontatzen du urte batzuk lehenago, 1971ko udan, emaztearekin eta 17 hilabeteko semetxoarekin, zelan egin zuten Euskal Herriko bira, euskararen mugetan zehar zehatzago, asto baten laguntzarekin.
  • Ez duk erraza, konpai¡ (Koldo Izagirre, Susa, 1995). Kubara egindako bidai baten kronika.
  • Ez duzu deus ikusi Fukushiman (Daniuel de Roulet, Cenlit-Denonartea, 2011). 2011ko martxoak 18. Daniel de Roulet (Geneba, Suitza, 1944) ordenadorean ari da Frantziako Frasne-les-Meurières herrixkan, Japonian daukan lagun gazte bati gutuna idazten. Fukushima Daiichiko zentral nuklearra matxuratu zenetik zortzi egun baino pasa ez diren arren, Daniel de Rouletek garbi dakusa hondamendiak zer-nolako martxa eramango duen ondorengo hilabeteetan.
  • Ez, ez, ez. Debako Zentral Nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia (Askoren Artean, Elkar, 2016). ‘Ez, ez, ez. Debako zentral nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia’ argitaratu du Elkar etxeak. Jose Mari Izaga, Pako Salegi eta Carmelo Urdangarinek idatzitako liburu hau Debako Udalak antolatutako bederatzigarren Tene Mujika Beka irabazitakoa da eta laguntza horri esker plazaratu da. 1973ko udazkenean jakin zen Iberduero S.A. enpresak Debako udalerrian zentral nuklear bat jartzeko asmoa zuela. Kostaldean jarri nahi zuen. Eskaera horrek harridura eragin zuen hasieran herritarren artean; eta, ondoren, egonezina. Ordurako, Lemoizko zentraleko lanak oso aurreratuta zeuden. Segituan hasi ziren herritarrak antolatzen. Zentral nuklearren kontrako mugimenduen artean aitzindaria izan zen Debako herria. Azkenean, Udala, Diputazioa eta Aranzadi bezalako elkarte batzuk proiektuaren aurka azaldu zirelarik, zentrala ez zen gauzatu. Gogorarazi behar da, halaber, Eduardo Chillidak anagrama egin zuela. 200.000 ale banatu ziren eta diru asko lortu zuten, gero oposizioko mugimenduaren gastuetarako erabili zena. Orain, berrogei urte baino gehiago igaro direlarik, oposizioko mugimendu hartan aktore izan ziren hiru lagunek idatzi dute liburua. Bertan, ondorioen atalean, hau irakur daiteke:_«Esan behar da Iberduerok ez zuela asmatu proiektua behar bezala defendatzen; seguru asko, konfiantza handiegia zuen boterean zeudenekin zituen harremanetan. Horrek erakusten du ez zuela ezagutzen herrialdeko gizarte errealitatea». Jose Mari Izaga Reiner (Deba, 1949) industria-ingeniaria izan da, eta metal arloko enpresen zuzendaritzan egin du bere ibilbidea. Lanbide tradizionalei buruzko ikerketa lan ugari egin eta argitaratu du, Carmelo Urdangarinekin gehienetan. Carmelo Urdangarin Altuna (Deba, 1932), berriz, merkataritzako peritu da eta irakasletza ikasketak egina. Kooperatiben munduan egin izan du lan gehienbat. Liburu askoren egilea da baita ere, batez ere eskulangintzaren ingurukoak. Pako Salegi Aizpurua (Deba, 1943) merkataritza- peritu da iaksketaz, eta lana Mondragon taldeko kooperatibetan egin du batik bat.
  • Feriak (Eduardo Arrillaga, Ongarri, 2001). Gipuzkoako ganadu-feria garrantzitsuenak. Zazpi urteotan euskal nekazaritza munduan egiten ari den lan zabalago baten parte da Ongarri argitaletxeak kaleratu duen eta Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak "Feria" liburuan jasotakoa. Izan ere, Gipuzkoako ganadu-feria garrantzitsuenetan Eduardo Arrillagak egindako argazki lana azaltzen du liburuak, Hasier Etxeberriak egindako idazlana lagun dutela. Era guztietako argazki liluragarriak ikus ditzakegu bertan. Desagertzear dagoen mundu baten irudiak, eta etorri badatorren beste batenak bildurik. Ganaduaren begi larriak, bizkarrean guardasola zintzilik daraman agurea, aharrausika dagoen neskatila nekatua, makila eta guardasolaren gainean tinkotuta zerbaiti buruz hizketan diharduten baserritarrak... Bakoitzaren jarrera eta keinuek egoera zehatz batez areago doan zer edo zer aditzera ematen dute.
  • Finantza-ekonomiaren hastapenak: burtsa (Iñaki Heras, Elhuyar, 2005). Burtsaren nondik-norakoak.
  • Finantza Kapitalismoa 1-Mundu Globala eta Finantza kapitalismoa 2-Euskal Herrirako irtenbide ekonomikoa eta soziala (Joseba Felix Tobar-Arbulu, Ultriusque Vasconiae, 2011).
  • Gaia. Lurraren biziaz ikuskera berria (James Lovelock, Gaiak, 1996). Egileak, Lurra izaki biologiko erraldoi moduan aritzen delako teoria asmatu zuen: Gaia hipotesia. Gaiak (Amalurreko Jainkosa greziarrak) oreka desberdinak sortzen ditu bere bizia mantentzeko. Gaiaren oreka burutzeko itsasoen, atmosferaren eta gizakiaren teknologiaren eraginak aztertzen dira lan honetan, eta batera ere, ...
  • Galaxien unibertsoan. Unibertsoaren hedapenetik, galaxia kanibaletaraino (Juan Inazio Abrisketa-Manu Arregi, Gaiak, 2003). Gaur egungo kosmologiak unibertsoari buruz duen ikuskera orokorra azaltzen da liburuan, galaxiak bereziki aztertuz. Zazpi ataletan banaturik dago eta ukitzen dituen gaien artean zulo beltzak, Hubbleren legea, Einsteinen espazioaren kurbadura eta gure unibertsoaren eskala, jatorria eta hedapena bezalakoak daude.
  • Gantzontziloak autobusean zintzilik (Aritz Gorrotxategi, Erein, 2002). Kurtso amaierako bidaia batean Tuneza jauzi egin zuten hiru lagun euskaldunen eleberrian emandako kronika jasotzen du narrazio honek. Langabezia zain zuten itzuleran, eta nolabait, bazekiten sei egun haiek zirela tren berri bat hartu aurreko azken geltokia. Handik itzuli ziren pertsonak ez ziren, jada, hasierako berdinak. Tartean, labirintu moduko merkatuak, dromedarioaren sindromea, bidaia turistikoak, Islama eta mezkitak, euskaldunaren beldur atabikoak, Tunezeko historia nahiz kondairak, taxi zaharrak eta auzune zuriak, kontsularen alaba edo emakume misteriotsu bat, Darth Vader eta Ben-Hur, infernua eta paradisua, erregateoak, etorkizun iragarleak, Ali-Babaren diskotekak eta musika arabiarra, oasiak eta txirotasuna, gizakiari buruzko gogoetak... Ekialdea ezagutzeko modu umoretsu bat planteatzen digute hiru lagun hauek. Ekialdea eta Euskal Herria, tuneztarrak eta euskaldunak, kontrastea etengabe bilatuz, hiru lagunak euren buruak biluzten ikusiko ditugu, haien zalantza eta miseriak azaleratuz.
  • Garapen iraunkorra eta gizarte erantzunkizuna (JAKIN, 177-178. zk., 2010).
  • Garapen iraunkorra. Garatzeko bizi ala bizitzeko garatu (Itziar Eizagirre-Amaia Lizarralde, Alberdania, 2005).
  • Gasteizko tranbia, garraioaren apustu berdea (Eusko Jaurlaritza eta Euskotren, 2012). Liburuak 10 kapitulu ditu eta ondorengo alderdiak deskribatzen dira: Euskadiko trenbidearen historia; tranbia Euskadin; Gasteiz eta tranbiaren aldeko behin betiko apustua; mugikortasun iraunkorra, tranbia eta Green Capital-a; Gasteizko tranbien zerbitzuaren ezaugarriak; beste ibilgailuekin eta oinezkoekin elkarbizitza; zerbitzuak hiritarren artean izan duen harrera ona; eta hirian tranbiak duen etorkizuna.
  • Gau lana. Kontrabandoa Bidasoan (Rosa Arburua, Alberdania, 2011). Euskal Herria lurralde txikia izanik, geografikoki eta ekonomikoki guztiz estrategikoa izan da. Horregatik, sarritan gertatu da banaturik mugak ezarrita. Jada, erromatarrek beren Inperioaren garaian, administratiboki bi eremutan banatu zuten Euskal Herria. 1659an sinatu zen Pirinioetako Bakea eta orduan ezarri zen, besteak beste, Espainia eta Frantzia arteko muga geografikoa. Bestalde, dirua lortzeko, agintariek beti jarri izan dizkiote zergak merkataritzari. Hala, esate baterako, XIII. mendean zehar Nafarroatik atzerrirantz ateratzen ziren produktuak Tolosa-Donostia-Baiona edo Belate-Bidasoa-Hondarribia bideari ekiten zioten. Bide horietan aduanak zeuden, eta zergak ordaindu behar izaten ziren bertatik pasatzen zen merkataritza legala izango bazen. Mendez mende gainditu izan dira, ordea, muga horiek aduanak saihestuz Euskal Herrian. Debekatuta zeuden produktuak alde batetik bestera pasaz edota zergak ordaindu gabe, euskaldunentzat kontrabandoa errekurtso ekonomikoa bihurtu zen. Kontrabandoaren fenomenoa oso zabaldua egon da Euskal Herrian eta fenomeno horren inguruan era askotako egoerak sortu dira, gizon-emakume askoren parte hartzearekin.
  • Gaueko zaintzailea (Julen Belamuno, Elkar, 2016). Narrazioa. Gaueko zaintzailea iluntzeko bederatziak aldera geratzen da bera bakarrik, azken langileek makina guztiak itzali eta etxerako bidea hartu dutenean, lantegian isiltasuna nagusitzen denean. Orduan, gauak ilunarekin batera bakea dakarren ordu horretan, bere erreinuaren jabe sentitzen da. Zorioneko ordu horretan hasita, gau guztia izaten du aurretik lantegiaren loa zelatatzeko, lantegiaren atsedena kanpoko ezerk ez duela asaldatuko ziurtatzeko. Urte asko egin ditu aitagandik oinordetzan jasotako lanbide horretan, urte asko aluminiozko perfilak egiten espezializatu zen enpresan, baina oraindik ere barrena pozten zaio gaua iristen denean eta bera bakarrik geratzen denean isiltasunaren erdian. - See more at: http://postdata.elkar.eus/julen-belamuno-gaueko-zaintzailea-liburuaren-aurrerapena/#sthash.4RaKt2VP.dpuf
  • Gauza guztiak (Rafa Egiguren, Pamiela, 2011). Ez da ohiko turismo gida bat, baina Txinara bidaiatu nahi duenak badu herrialdearen inguruan zer ikasi Gauza guztiak (Pamiela) liburuarekin. Rafa Egigurenek (Hernani, Gipuzkoa, 1948) duela 25 urte idatzitako oharrak, han izandako bizipenek utzitako oroitzapenak eta herrialdeko kulturaren pintzelkadak jaso ditu lan horretan. Bere burua ez ezik, Txina ere biluztu du, geruzaz geruza. Lagun baten bizipenen eta herrialde bateko kulturaren arteko koktela, hori da «euskaldun bat Txinan». Herrialdeko kulturaren barrunbeak daude liburuaren muinean, hau da, taoisten parabolak. Ondoren izan ziren neotaoistenak ere presente daude, beste geruza batean. Hizkuntza bera ere landu du, txineratik euskararako itzulpenak eginez, esaerak eta esanahiak jorratuz. Tang garaiko olerkiak eta Song garaiko pinturak izan ditu hizpide, elkarrekin oso lotuta dauden bi arte. Euskaldunek Txinan egindako urratsak ere ekarri ditu gogora, pilotari eta jesuitenak tarteko.
  • Gauzak (Georges Perec, Igela, 2014). Narrazioa. Bizitzaz gozatu egin nahi duen bikote baten istorioa da nobela hau: Jerome eta Sylvie. Horretarako duten bidea gauzak edukitzea da, aurretik erosi eta gero. Gauzek eskaintzen duten zoriontasun horren alde ilunaz jabetuko dira.
  • Gipuzkoa mendiz-mendi, mendez- mende (Askoren Artean, GFA, 2010). Gipuzkoak bere mendietan duen aberastasuna ezagutarazten du.
  • Gipuzkoako artzaintza (Fermin Leizaola, GFA, 1999).
  • Gipuzkoako trenak (Juanjo Olaizola, GFA, 1995).
  • Gipuzkoako Zerga Gida (Langile Euskaldunon Taldea, GFA, 2011).
  • Giza migrazioak. Lehen eta orain (Eduardo Arrayet-Ekain Martinez Lizarduikoa, Gaiak, 2007). Giza migrazioen historia, bereziki Euskal Herritik abiatutakoena edo Euskal Herrira bideratutakoena.
  • Gizakia, ekologia eta gizartea. Ekologiaren soziologia (Askoren Artean, Gaiak, 2002). Liburu honetan, ekologiaren gizarte-aldea aztertzen da, hain zuzen ere, testu ekologikoetan maiz agertzen ez diren kontzeptu berriak. Ukitzen diren gaien artean, hauexek azpimarra genitzake: globalizazio ekonomikoa eta ingurumena, hazkundea, hirigintza, hondakinak, ingurumena hondatzea eta aberastasuna (pobrezia), jasangarritasuna, kapitalismo naturala, klima aldaketa, kontabilitate ekologikoa, krisialdi globala, Laugarren mundua, lurralde-antolamendua, mundu-sistema, sozioekologia, azpigarapena, bidezko merkataritza, biodibertsitatea, bioteknologia, birziklapena, ekologismo sakona...
  • Gizarte segurantza. Pertsonalaren kudeaketa (Eva Jauregi, Elhuyar, 2003). Testu-liburua.
  • Globalizazioaren adarrak (Aitor Zuberogoitia, Alberdania, 2000).
  • Globalizazioa eta autoeraketa (Askoren Artean, EHU-MU, 2005).
  • Gogoetak (Jose Maria Arizmendiarrieta- Apailatzailea eta argitaratzailea: Otalora (Jakin), 2014). Duela amabost urte argitaratutako Jose Maria Arizmendiarrietan Pensamientos liburuaren euskarazko itzulpena da Gogoetak. Koperatibismoaren teorialari eta ekintzailearen gai askoren inguruko pentsamenduak biltzen ditu. Argazki ugari ere baditu liburuak.
  • Goierriko egitura industrialaren erradiografia (Jone Ormazabal, Gerriko, 2008). http://www.uztaro.com/uztaro_artikulua/69/Goierriko-egitura-industrialaren-erradiografia-%28Aipamena%29_996.html
  • Griot (Jon Arretxe, Elkar, 2004). Bidai-liburua. Burkina Faso.
  • Guía ética de las marcas: quién hace la ropa, con quién y para quién (Askoren Artean, Editorial Popular, 2007).
  • Gure herriko zuhaitzak (Askoren Artean, Kutxa, 1976)
  • Gure merkatu pentsamolde zaharkitua (Karl Polanyi, EHU, 2002). Opuskulu bikaina merkatu pentsamoldearen inguruan.
  • Haizea aurpegian (Iker Iurrebaso, Zertu Kultur Elkartea eta Karabie Gaztetxea, 2012). Bidai-liburua. Argentinara egindako bidaian gertatutakoak, pentsatutakoak eta sentitutakoak blog batean adierazi zituen Iker Iurrebasok, eta orain liburu moduan argitaratu dituzte blog horretako testuak Zertu Kultur Elkarteak eta Lemoako Karabie Gaztetxeak, Kepa Betzuenek idatzitako hitzaurrearekin.
  • Hakuna matata (Jon Arretxe, Elkar, 2000). Narrazioa. Istanbul, Ganges, Txina, Egipto...
  • Harreman estilo berri bat (Koldo Saratxaga, Elkar, 2008). Irizar enpresako buruetakoa izandako Koldo Saratxagak enpresa barneko harreman estilo berri bat proposatzen du liburu honetan. Enpresak pertsonak kontuan hartuta antolatu behar direla eta langileak enpresaren parte bilakatu behar direla aipatzen digu beste estrategia batzuen artean. Lopez de Arriortuaren "señor trabajador" famatu haren usaina etorri zaigu tarteka.
  • Harresi handirantz (Jon Arretxe, Alfaguara-Zubia, 1987). Narrazioa. Rama hamahiru urteko mutila da eta Indiako Ozeanoko Sri Lanka uhartean bizi da. Ramaren familia txiroa eta behartsua da, eta mutilari barre egiten diote eskolan bere ezjakintasunagatik. Halabeharrak, ordea, pobreziatik eta ezjakintasunetik irteteko aukera eskainiko dio Ramari. Protagonistak zeharkatu beharko ditu herrialdeak altxor baten bila. Mutikoak toki harrigarri askoak ezagutuko zituen bidean: Kalkuta, Varanasi, Delhi, Amritsar, Lahore, pakistandar Himalaiako Kunjerab mendatea, Kashgar, Pekin…...Abentura bera alde batera utzita, liburu honek aukera eskaintzen die irakurle gazteei munduan dauden kultura eta ohitura desberdinak apur bat hobeto ezagutzeko, eta Ekialdeko ipuin ugari agertzen dira, bideko atso-agureek Ramari kontatzen zizkiotenak argibide gisa bide zuzena topatzeko.
  • Haurren Hiria (F. Tonucci, Txatxilipurdi Elkartea, 2013). Francesco TONUCCIren liburua Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkarteak argitaratu berri du, Irrien Lagunak, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarien laguntzaz. Lorea Agirrek euskarazko edizioari eginiko sarreran hala dio: “Kotxeak edonon daudelarik,espazio publikoa berreskuratzearen beharra inoiz baino garrantzitsuagoa da haurrek kalean jolas dezaten, eskolara bakarrik joateko autonomia berreskura dezaten, kalea elkartrukerako izan dadin… Euskarara ekarri dugu Francesco TONUCCI, komunitatearen biziberritzeak eta bestelako komunitate baten aldarriak hizkuntza berreskurapenarekin topo egiten duelakoan. Francesco Tonucci psikologia ikerlaria da, marrazkilaria FRATO ezizenez izenpetzen duena, pentsalaria, eta, ezagun egin da batez ere, 1991. urtean bere jaioterrian, Fano herrian (Italia) Udalarekin batera “Haurren hiria” egitasmoa martxan jarri zuenetik. Harrez gero, Italiako ehun herritan jarri zen martxan egitasmoa eta ekarpen handiak egin ditu Argentinan, Mexikon, Kolonbian, Perun, Katalunian eta abarren.
  • Hegoak (Iratxe Ormaza, Labayru, 2007). Hego Amerikara eginiko bidaia. Bizkaieraz.
  • Hego-Ameriketako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Helloak Txinan (Jon Abril, Txalaparta, 2003). Txinara egindako bidaiaren kronika: hizkuntzarekin izandako zailtasunak, zeruari erreparatu beharra, hiri handiak, nekazari herriak, jende uholdeak, Txinako gizartea eta historiaren gaineko gogoetak, paisaiaren edertasuna, tearen zeremonia, eltzerako prestatzen dituzten txakurrak, euskal enpresek Txinako merkatuan dituzten egitasmoak, bertsolari txinatarrak, askotariko kulturak...
  • Herri-zaporea. Bolivia. Ñunu zizarea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Boliviako historia, zapore eta ohiturak ezagutzeko ezinbesteko aukera aurkituko dugu eta hango ipuin ezagun bat irakurriko dugu.
  • Herri-zaporea. Ekuador. Eta bidean... itzala (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Ekuardo aztertzen da: kondairak, ipuinak, kultura, gastronomia, bizimodua...
  • Herri-zaporea. Errumania. Periko txoriburu (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Liburu honetan egileek Errumaniako herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi du.
  • Herri-zaporea. Senegal. Hienen ipuinak (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, Desclee, 2008). Ale honetan Senegaleko herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute.Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu.
  • Hil ala bizi Meatzaldean ( Askoren Artean, Meatzaldea Bizirik, 2013).Meatzaldea Bizirik talde ekologistaren ekimenez idatzitako liburua da, egile askoren eskuek ondutakoa. Azken hamarkadetan Petronor ondo-ondoan eduki izanak muskiztarrei zer (kalte) ekarri dien agertu gura dute lanaren sustatzaileek.
    "Kontakizun hunkigarriek osatutako liburua, tximinien azpian jaiotzeak, bizitzeak eta are hiltzeak zer esan nahi duen adierazten duena", irakur daiteke kontrazalean. Hamaika egilek hartu dute parte, batzuek euskaraz eta besteek, gehienek, gaztelaniaz; eskualdeko egoera soziolinguistikoarekin bat eginez. Narraziook Muskizko azken 40 urteetako historiaren erradiografia osatzen dute, aldebakarrekoa bezain bidezkoa. Hitzekin batera, afixa, marrazki eta egunkarietako orrialde zahar eta ez hain zaharrek memoria ariketa ederra egiten lagunduko diote irakurleari. Liburuak 250 orrialde ditu eta hamar euroan eros daiteke. Egileek esan dutenez, "segurtatzen dugu irakurleak gozatu eta, tarteka, barre egingo duela, pasarte askotan mendeku txikia ere baden lan honekin". Herritar askoren amorrua liburu forma harturik, horixe da gaur Muskizen aurkeztuko dutena.
  • Hiri-formaren historia (A.E.J. Morris, EHU, 2010).
  • Hiri gara (Unai Fernandez de Betoño, Astero, 2014). Hirigintzaren inguruko artikulu bilduma.
  • Hiri-hazkunde motak (Askoren Artean, EHU, 2008).
  • Hiru bidaiariak (Paxkal Bourgoin, Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, 2013). Sahara basamortuan hiru bidaiari eta beren oihal-etxolan errezibitzen dituzten senar-emazteek dutena partekatzen dute. Berberoen kulturaz.
  • Hiru pauso, hiru norabide (Askoren Artean, Letxukale, 1998). Eskandinavian eginiko bidaiaren kronika.
  • Historiatik etorkizunera begira (Jose Antonio Azpiazu,Mondragon Unibertsitatea, 2010). Oñatiko enpresaritza ikastegiaren 50 urteko historia.
  • Hori da umorea, maisu (Mo Yan, Elkar, 2013). Narrazioa. Mo Yanek 1985 eta 2000 artean idatzitako zortzi ipuinek osatzen dute Hori da umorea, maisu! liburua. Askotarikoak dira ipuinek jorratzen dituzten gaiak: txinatarrek Japoniaren aurka egindako erresistentzia gerra, Iraultza Kulturaleko gazte ikasien egoera, 80ko hamarkadan abandonatutako haurrak…
  • Hortxe-hortxe, urrun (Juan Luis Mugertza, Ibaizabal, 2009). Narrazioa. Marokora joan dira aurten Kepa eta Rosa, bi alabekin. Hortxe-hortxe, baina hain urrun dagoen lurraldea hobeki ezagutzeko aukera izango du familiak.Urruneko errealitatea hurbildu nahi izan digu idazleak, familia baten oporren kontakizunaz baliatuz.
  • Ia denaren historia labur bat (Bill Bryson, Elhuyar, 2010). Berez, liburua bidaia bat da. Unibertsoan hasten da; Lurra aztertzen du gero, planeta neurtu zutenen ikuspuntutik abiatuta, eta fisikaren, kimikaren eta geologiaren bideak aztertzen ditu; ondoren, Lurraren atmosfera aztertzen du; gero, biziaren sorrera, fisiologia, eboluzioa, eta, bukatzeko, gizakia bera aztertzen du.
  • Ideia batzuk krisi madarikatu hau gainditzeko (Jabier Lertxundi, Itzarri Consulting, 2013).
  • Il viaggiatore pusillanime (Xabier Mendiguren, ipuina, Argia, 2011). Narrazioa. Ipuina: Zilarrezko ezteiak ospatu behar dituzte Miriamek eta Txentek. “Normala” zera litzateke: biek elkarrekin norabait bidaiatzea. Ez dute hori egingo ordea. Tira, Txentek bai, baina bakarrik abiatuko da Erromarantz.
  • Ilargia lagun beti hegoalderantz (Fernando Presa "Nandus", Txalaparta, 1993). Hego eta Ertamerikan txirringaz egindako bidaiaren kronika.
  • Illimani. Boliviako izpiak eta hizkiak (Txomin Txueka eta Amets Arzallus, Argia, 2006). Tawantinsuyu esaten diote indigenek, Bolivia esaten diogu guk. Bertako errealitatea islatzen duten Txomin Txuekaren argazki ikusgarriei eman die hitza Amets Arzallusek liburu honetan. Testuak gainera, gaztelerara, frantsesera eta ingelesera itzulita daude. "Pausoa egiten da La Pazera aurrena. Hankak lurreraino iristen baitira han ere, baina oxigenoa ez da iristen bururaino. Arnasa ematen oso zuhurra da Boliviako atmosfera. Bestela hori ere lapurtua zuketen honezkero kolonizatzaileek. Eta hauspoari buelta ezin emanik, pausoa geldotu duzu. Gelditu egin zara. Ikusi egin baituzu miseria, espaloian eseria. Balantzaka ari da. Alkoholak bidera botatzen du, baina bideak ere ez du beretzat hartu nahi. Eskale zahar bat da. Lehen aldian begira gelditu zara, bigarren aldian erakutsi egin dizute, eta hirugarren aldian ez duzu ikusi. Egin zaizu begia La Pazera".
  • India harrigarria (Gotzon Garate, Elkar, 2001). Kronika. Idazleak Indiara egindako zenbait bidaia oinarritzat hartuta, hango gizartearen aurkezpena egiten zaigu liburu honetan. Dena dela, ez zaigu idazleak egindako bidaia kontatzen, baizik eta bidaia horretan ikusitako zenbait gauzak berarengan utzitako zirrararen partaide egin nahi ditu irakurleak. zuetan, non irakurlea piska bat arnasestuka gelditzen baita erritmo horri jarraitu ezinik.
  • Indiara bidaia (Beka eta Marko, Harriet Ediciones, 2016). Komikia. Beren lagunen aholkuei jarraituz, Benek eta Ninak euren motxilak gogotik prestatzen dituzte Indiara abiatu aurretik: sabeleko minarentzako pilulak, ber-hidratazio gatzak, bakterioen kontrako xaboia… Uste dute ez dutela ezer ahaztu opor egun on batzuk igarotzeko. Baina ez dira ohartu Maharajaen, tenpluen eta behi sakratuen herrian, beti gertatzen direla ezustekoak… Adibidez, guru batek eta bere kideek maisu espiritual batekin nahasten zaituztela! Taj Mahal ospetsutik, Rajastandik igaroz eta Goako hondartzetaraino, hogeita hamar urteko bikote gazteak ez dio harritzeari utziko…
  • Industri politika (Adrian Zelaia Ulibarri, UEU, 2010). Industri politikarekiko interesa berpizten ari da azken urte hauetan. Mendebaldeko industria pisu erlatiboa galduz joan den heinean, nabarmen ahuldu da industri sektoreak gizartean eta zientzia ekonomikoan izandako begirunea. Aldi berean, gero eta zailago egin zaio Ekonomiari azken mendean errealitatearekin izan duen urruntasuna murriztea. Liburu honi hasiera emateko ordutik bertatik, «industri politika» esakunearen aldeko apustua egin dugu, azkenotan zenbait arlotan indartzen hasi diren beste batzuk baztertuz. Hori dena Ekonomia errealaren alde liburu honek egiten duen apustuarekin bat etorriz. Momentu honetan, geure herrien gizarte- eta ekonomi etorkizuna, neurri handi batean, gure industria eta nekazaritza —baita teknologia eta zientziaren arloko gure gaitasuna ere— babesteko gai izatearekin baitago loturik.
  • Industria-enpresa: barne- eta kanpo-faktoreak (Itziar Gurrutxaga eta Jon Iradi, 2010). Unibertsitateko testu-liburua. Enpresa berri bat sortu eta kudeatzeko beharrezkoak diren oinarri eta ezagutzak aztertzen dira liburu honetan.
  • Industria herri baten azterketa, Arrasate (Siadeco, Gero, 1972).
  • Inflazioaren aurka: bankugintza berriaren jarduerak (Joseba Felix Tobar-Arbulu, UEU, 2005).
  • Ingurugiroa: prozesuak eta kimika fisikoa (Juan E. Figueruelo, Jazinto Iturbe eta Martin Marino, UEU, 2014). Laburpena: Klimaren aldaketa, ozono-geruzaren suntsiketa, euri azidoak,... azken urteotan borborka dauden gaiak dira, eta mass mediaetan sarri agertzen dira haien ondorio hurbil eta kaltegarriak saihesteko edo gainditzeko egindako ikerketen berriak. Liburu honetan, ingurugiroaren azterketaren hurbilketa sistematikoa aurkezten da. Bertan, ingurumenaren konpartimentu desberdinetan, batez ere atmosferan eta hidrosferan, gertatzen diren prozesuen mekanismoak azaltzen dira, fisikoak eta kimikoak. Gauza jakina da ezen prozesu horiek naturan gertatzen direla baina gizakiaren parte-hartzeak, batez ere Industrializazio Arotik hona, irauli egin dituela aurretik zeuden orekak. Batzuetan, desoreka horiek ez dute ondorio larririk, baina beste batzuetan ondorioak denbora luzeetara eta eskualde zabaletara (eta Lur osora ere) hedatzen dira.nabigazio-esperientzia hobetzeko eta eduki eta funtzio berezituak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Argibide gehiago eskuratzeko: .
  • Ingurumena kudeatzeko sistemak eta lehiakortasuna EAEko enpresetan (Iñaki Heras, Deustuko Unibertsitatea, 2008).
  • Inifife (Peio Jorajuria, Ikas, 2012). Bidai-liburua. Peio Jorajuria kazetariaren Inifife liburuak 2010eko apirilean zazpi lagunekin Marokora egin bidaian du abiapuntua. «Bidaia egin aitzin ez nuen batere ezagutzen Afrika iparreko eremu hura, eta ez nuen uste liburu hau argitaratzen bukatuko nuenik. Handik itzultzean piztu zitzaidan idazteko tirria», erran du Jorajuriak. Berbereen lurraldeetan ibili ziren bidaiariak, hara eta hona, herri batetik bestera gelditu gabe. Han ikusi eta ezagutu ingurumenaz zein egin ezagutza eta kulturaz mintzo da Jorajuria lanean. «Inifife hitzak, amazigeraz, mendi pasaia zail bati egiten dio erreferentzia, 900 metroko malda ikaragarri bati, zeina bertakoek iragan behar izaten duten soka bati loturik», azaldu du egileak, ikusitakoaren lagin bat aipatuz. Arrokaz jositako ingurumenaz gain, bertako herritarrek duten bizimodu eta alaitasuna plazaratzen ditu idazleak liburuan. «70eko hamarkadan Euskal Herrian bizi ginen era berean bizi da amazigh populua: etxean urik gabe, lurrak lantzeko asto eta aitzurrarekin... Alta, telebistarik ez da falta», erran du idazleak, harritu edo ezustekoa hartu zutela agerian utzirik. Hemendik hara joandakoek Ibar Urosa deitzen dute ezagutu ingurua, eta nahiz eta gutxi izan biziki uros bizi direla azaldu du. Emazte olerkari baten ezagutza egin izana ere azpimarratu du Jorajuriak. «Emakume hark ez zekien idazten, baina ahozko transmisioaren tradizioa atxiki zuen». Amazigh populu osoan ezaguna da emakume hori, eta Inifife liburuan aipatua da.
  • Ipar gazi, hego geza (Mikel Bringas, Hiria, 2010). Bidai liburua. 1996an lehenbizikoz jarri genituen zorroak bizikletan. Bidea ez zen berria, astebururo trinketetara (nire zaletasun handia garai horretan) eramaten ninduten errepide beretatik joan baikinen Euskal Herria Kontinentala ezagutzera. Bidaia hartan etxetik oso gertu ginen, baina erabat aske sentitu ginen. Geroago zikloturismoaren ibilbide klasikoak etorri ziren eta beranduago toki exotikoagoak (Cuba, Costa Rica, Asiako Hego-Ekialdea) eta bidaia bakoitzaren itzulian paisaia eta lagun berriak ezagutzeko gogoa handituz joan zen. Seme-alabak iritsita, zaletasun hori baztertzea arruntena izan arren, beraiekin partekatzea erabaki genuen eta urteroko oporretan pedalei eragiten diegu. Iaz Europatik egin genuen ibilbidearen kontakizuna liburu batean jaso dugu: https://bizibidaia.wordpress.com/bidaiak/ipar-gazi-hego-geza/
  • Ipar Haizeak (Joseba Aurkenerena, Hiria, 2010). Liburu hau, 2003an plazaratu zuen "Iparraldeko kronikak", eta 2006an kaleraturiko "Iparraldean gaindi" izenekoen jarraipen logiko eta kronologikoa da. Euskal Iparraldeak bizi nahi du, euskaldun izaten jarraitu nahi du. Ez du aisa, frantziar zentralismoaren aldetik jotzen duten haizeen indarra ikusita.
  • Iparraldeko kronikak (Joseba Aurkenerena, Gero, 2003). Autoreak Iparraldean ezagutu dituen zenbait pertsona, leku eta gertaera dakartza kontura: Urtubiko Dama, Iratiko Xiberua aterpea, Mutxikoak, Jendarmeen kontrola, Euskal literatura Larrainen, Dantza-jaüzien Egüna, Sarako leizea, Ligiko ikastaldia, Sohütako ikastola, Sokorriko Ama Birjina, Lapurtarren Biltzarra, Donibaneko Aberri Eguna eta Niko Etxarten pastorala, besteak beste.
  • Iqbalen historia (Francesco D´Amo, Aizkorri, 2003).Narrazioa. Haurren lan esplotazioa gai. Iqbalen historia 13 urte zituenean alfonbragileen mafiak hil zuen mutiko pakistandar baten benetako zorigaiztoan oinarritutako salaketa nobela da. Iqbal Masih-i gertatutakoa beste haur askori gertatzen zaio Pakistanen eta munduko beste herrialde pobreetan: Iqbal familia txiro batean sortu eta bere familiak saldu egin zuen 16$eko mailegua ordaindu ahal izateko. Handik aurrera alfonbra lantegi batean egin behar izan zuen lan, egunero hamabi orduz, rupia bakar bateko soldataren truke, bere familiaren zorra kitatu arte. Esklabotza egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, halere, eta Ume Langileen Askatasunerako Frontean parte hartuz, bera bezala esklabo ziren zenbait ume askatzen lagundu zuen. Baina mafiak ez zion barkatu.
  • Iraunkortasuna unibertsitatetik abiatuta. Disziplina arteko hausnarketa (Askoren Artean, EHU, 2013). Lur planetaren iraunkortasunaren arazoa dakarkio liburu honek irakurleari, hainbat diziplinatako adituen idazlanen bitartez: zuzenbidea, arkitektura, hizkuntzalaritza, soziologia, kimika, antropologia, biologia…
  • Irurtzun projektua (Askoren Artea, UEU, 1980). Aralar, Urbasa eta Irurtzun aldeko geografia fisikoaren azterketa.
  • Italia, bizitza hizpide (Anjel Lertxundi, Alberdania-Berria, 2005). Autorearen bidaldiaren kronikak.
  • Itoitz, porlanezko gezurra (Edurne Elizondo, Txalaparta, 2003). Francoren garaiko proiektua da Itoizko urtegia. Inguruko herritarrak beti aurka izan dituen urtegia. 1993. urtean hasi ziren horma erraldoia eraikitzeko lanak, baina Nafarroako Gobernuak bidalitako makinek herriak eraitsi zituztenean bizi izan ziren Itoitzen unerik beltzenak. Itoitz, Artozki, Orbaitz… betiko desagerrarazi zituzten. Ekintza burutuen politika erabiliz.Liburu honek etxe horietako jabeen hitzak bildu ditu; zuhaitzetara igo eta etxeetara kateatu ziren solidarioenak; Itoizko Koordinakundeak epaitegietan egindako bideari so egin dio.
  • Izokina (Askoren Artean, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2012). Izokin atlantiarra, gipuzkoar biztanle berriro dela eta, bere historia eta bizitza kontatzen da argazkien bidez.
  • Jaizkibel Amaharri (Askoren Artean, ?, 2013). Jaizkibel buruz, diziplina anitzeko adituek idatzia.
  • Jira bira munduari begira (Urtxintxa Eskola, 2010). 6-12 urte bitarteko haurrekin kulturartekotasuna lantzeko baliabide pedagogiko berritzailea da edozein hezitzaile, irakasle eta gurasorentzat. Izan ere, argitalpen honetan, 12 herrialde ezberdinetako haurren ahotik kontatutako 24 jolas, 12 tailer, 12 errezeta eta 12 ipuin aurki ditzakezue. Gainera, bildumako herriak, Euskal Herrian dagoen kultur aniztasuna kontuan izanik aukeratu dituzte. Bilduma honen barnean, jatorri kultural ezberdinetako haurrek, herrialde ezberdinak aurkeztuko dizkigute: Brasil, Txina, Ijito Herria, Sahara, Kolonbia, Filipinak, Euskal Herria, Bolivia, Senegal, India, Errumania eta Maroko.
  • Josune Bereziartua. Hatz puntak (Ramon Olasagasti, Kutxa, 2004).
  • Jose Elorrieta. Sindikalismoaren berri onak (Joxerra Garzia-Nagore Izagirre, Alberdania, 2000). Sindikalismoaren erreibindikazioa egiten du Jose Elorrietak, ELA sindikatuko idazkari nagusiak, Joxerra Garziak eta Nagore Izagirrek egiten dioten elkarrizketa sakon honetan. Sindikalista seinalatu batek Euskal Herriaren egoeraz, iraganaz eta geroaz duen ikuspegiaren azalpena izan nahi lukeen liburuan, sindikatuak gizarteko ahulenei -hau da, langile jendeari- laguntzeko sortu zirela mahaigaineratzen du Elorrietak. Ordutik hona lan-harremanak eta zapalkuntza moduak aldatu badira ere, sindikalismoaren zaharberritzea edo hiltzea aurreikusten du, sindikalismo "berri" baten beharra baikortasun osoz aldarrikatuz, militantzia, erantzukizuna, elkartasuna, berdintasuna, ahulenen aldeko apustua eta gatazka ere bere egingo dituen sindikalismoa behar-beharrezkotzat joz gaur egunerako.
  • Juan Cruz Juaristi eta Ruanda. Gogoa Afrikaren bihotzean (Rikardo Uzkudun, Ori-Zautz, 2005). Urte batzuetan Orion apaiz izandako Zarauzko semea da Juan Cruz Juaristi, eta hogeita hamasei urtean misiolari lanetan ibilia dugu Ruandan. Eskarmentu horretan oinarriturik idatzi zuen "El fracaso de una fraternidad. Breve historia de Ruanda", orain Rikardo Uzkudunek liburu honetarako euskaratu duen lana, misiolariari egindako elkarrizketa sakona gehituz. Ruandaren, bertako etnien eta kulturaren ezaugarriak eta historia, lurralde horren hondamendiaren eboluzioa, 1994n gertatutako genozidioaren arrazoiak eta besteren berri eskaintzen da bertan.
  • Kablea Ataunen (Lourdes Altuna, Ataungo Udala, 1999). Liburu honetan baserrira belarra ekartzeko garatutako sistema azaltzen da. II. Ataun Aztergai Beka jaso zuen lan honek.
  • Kaliforniatik bihotzez (Joseba Gabilondo, Elkar, 1992). Kronikak. Ameriketatik, Kaliforniatik idazten digu Josebak...
  • Kanpo-zorraren patologia (Joseba Tobar-Arbulu, UEU, 2001). Kanpo-zorraren arazoa nazioarteko ekonomiaren errealitate mingarria da. Zenbait bide erabili dira kanpo-zorraren zama murrizteko. Orain arte proposaturikoak adabakiak baino ez dira izan, hots, ez dira benetako irtenbidea izan. Okerrago oraindik, zorra bera barkatua izanen balitz, berriro ere agertuko litzateke. Izan ere, kontua ez dagokio arlo moral edo etikoari, banku-monetaren kontzeptu faltsu bati baizik. Gertaera hori defizit teoriko batetik dator. Monetak aktibo gisa hartu direnetik, eta nazioarteko harremanetan dibisa berezi batzuk -dolarra, bereziki-onartuak izan direnetik, herrialde bateko egoiliar zordunek egiten duten ordainketari beren herrialdearen ordainketa gehitu behar zaio. Anomalia hau ez da konponduko harik eta monetaren eginkizuna -alegia, nazioarteko monetaren eta moneta nazional desberdinen eginkizunak- kontuan hartu arte. Bernard Schmitt ekonomialariaren teoriaren laguntzaz, kanpo-zorraren zerbitzuaren irtenbidea zer-nolakoa izan beharko litzatekeen aztertu du liburu honetan autoreak.
  • Kapitalaren aurka eta haratago (John Holloway, Bagaudia, 2014). Gaur egungo pentsamendu kritiko, antikapitalista eta iraultzailearen esparruan leku garrantzitsua du John Hollowayk (Dublin, 1947). Change the World Without Taking Power saiakerak eragindako debatean idatziak dira Bagaudiak argitaratutako liburu hau osatzen duten testuak.
  • Kapitalismoa, Sozialismoa eta Demokrazia (Joseph A. Schumpeter, Klasikoak, 2002). XX. mendeko pentsalaria. Ekonomilarien pentsamenduari buruzko obra bikaina, 1950ean argitaratua.
  • Karrantzako naturaren gidaliburua (Askoren Artean, UEU, 2000).
  • Kattalinen gogoetak (Pierre Narbaitz, 1999, Elkar). Narrazioa. Kattalin 42 urteko emaztearen bizipen, kezka eta gogoeten bidez, garaiko emakume askoren bizimoduaren erretratua egin zuen autoreak, bereziki baserri giroan bizi zirenena. Baserrian lan egiteko moldeak aldatzen ari ziren, eta horrekin batera bizitzeko moldea ari zen aldatzen oro har.Idazleak 1955an argitaratu zuen lehen aldiz eleberri hau.
  • Kixotenean (Iñigo Astiz, Elkar, 2016). Kixote liburuaren 4. mendeurrena zela-eta, Mantxara bidaian abiatu zen Iñigo Astiz kazetari nafarra, eta erreportaje sail bat ondu zuen, bidaia-kronikaren eta saiakeraren artean dagoen gogoeta-sorta. Egileak berak dioen moduan, “Kixotek gurutzatutako lurrak gurutzatzea izan da helburua, eta, literatura modernoaren iturburu nagusietariko bateraino heltzen saiatzerakoan, bidean ezinbestean korapilatuz joaten dira literatura eta errealitatea. Kaleak eta liburuak, historia eta kondaira, errealitatea eta fikzioa, bi plano horiek uztartzen diren puntu zehatz horren bila egindako bidaia bat kontatzen du eskutan duzun lanak”. Liburu hau osatzeko orduan, hasierako erreportaje sorta berridatzi egin du, kapitulu berriren bat asmatu, eta atal berriak sortu, kapitulu guztiak aberasteko. Horrez gain, azpimarratzekoa da Maite Mutuberria ilustratzailearen lana, sentiberatasunez eta sujerentziaz betea, testuaren paraleloan doan beste irakurketa bat proposatzen diguna.
  • Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika (A. Dessler eta E. Parson, 2009). Ingurumen-gaiez ari garenean, politika beti dago tarteko, eta klima-aldaketaren auzia ez da salbuespena. Liburu honetan, saio argigarria egin dute Desslerrek eta Parsonek, klima-aldaketaren zientzia eta politika desberdintzeko eta ulertzeko. Lehenengoari buruzko ezagutza-maila zertan den azaltzen dute egileek, eta bigarrenean jarduteko proposamenak lantzen dituzte. Klima-aldaketari buruzko informazioa eta desinformazioa bereizi nahi dituenak argudio onak aurkituko ditu hemen.
  • Koioteren arrastoa (Edorta Jimenez, Susa, 2006). Bidai biren kronika. Bi zati ditu liburuak. Lehen atalean, 2002ko bidaia kontatzen du Jimenezek, Reno eta inguruak ardatz dituena: bertako diasporako jendea, paisaia ederrak, lekuei buruzko kontakizun mitikoak, estatubatuarren ohiturak... Bigarrenean, aldiz, 2005ekoan, Ni Mi Pui etniako indiarrei eskaintzen zaie atal ia osoa, beraien mundu ikuskera, turistei begira egindako kulturaren simulazioa, legendak, Idahoren historia...
  • Kontatzeke lagata (Gurutz Garmendia, Aramaioko Udala, 2001). Bidai liburua. Bostwana, Zimbawe, Namibia...
  • Kooperatibak Euskal Herrian (Adrian Zelaia, UEU, 1997).
  • Kooperatiben jabetza. Bazkideak kooperatiben agintean (Adrian Zelaia Ulibarri, 2008). Liburu honen helburua Kooperatiben Agintearen oinarrien azterketa berri bat egitea da, kooperatiben jabetza enpresa mota guztien artean kokatuz eta kokapen horretan azaltzen diren erakunde mota bakoitzaren abantailak eta berezko arazoak aztertuz.Azken hamarkadotan enpresaren teorian azaleratu diren kontzeptu eta aurrerapen berrian kontuan harturik, ikuspegi berri batetik abiatzen da liburu hau eta kooperatiben jabetza eta kontrolaren oinarrizko ezaugarriak aztertzen ditu. Garrantzi handikoa izan da horretarako kooperatiba mota guztiak kontuan hartzea, horietako bakoitzaren ezaugarria bazkideen kokapenaren aldetik -baita interes, kudeaketa eta zaintzaren aldetik ere- zeharo ezberdinak baitira.
  • Kuba triste dago (Juan Martin Elexpuru, Elkar, 1995). Bizikletaz eginiko bidaia.
  • Lan alokatua eta kapitala (K. Marx, Lur, 1971). Marxen zenbait idatzi.
  • Lan-zuzenbide jurisdikzionala. Azterketa objektiboa eta kritikoa (Ixusko Ordeñana Gezuraga, UEU, 2010). Esku artean daukazun liburu honek espainiar ordenamendu juridikoan aplikatzen den Lan Zuzenbide Jurisdikzionala du aztergai. Horretarako, lehenengo hiru kapituluetan Lan Zuzenbide Jurisdikzionala deritzogun zuzenbidearen arloa Zuzenbide Jurisdikzional orokorrean kokatzen da, honen oinarrizko elementuak (jurisdikzioa, akzioa eta prozesua) lan-arlora aplikatuz. Liburuaren bigarren zatian, sei kapitulutan zehar, Lan Arloko Prozeduraren Legearen islan, lan-arloan epaileek herritarrei eskaintzen dizkieten adierazpenezko, betearazpenezko eta kautelazko babesak jorratzen dira. Bukatzeko, azken kapituluan, azterketa objektiboa eta subjektiboa uztartuta, egun langileen eta ugazaben arteko liskarren epai bidezko konponketak aurkezten dituen indarrak eta ahuleziak mahaigaineratzen dira, araudia hobetzeko zenbait proposamen eginez.
  • Lanaren antropologia (Roman Garate, Gero, 1973).
  • Landa eta hiria (Mixel Berhocoirigoin eta Kepa Korta. Antxon Lafontek gidatu du solasaldia, Gara, 2015). Mixel Berhocoirigoinek –baserritarra eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ohia– eta Kepa Kortak –abokatua eta garapen estrategietan aditua–, parez pare jarri dituzte landa mundua eta hiria, eta horren inguruan, aurrez aurre, norberaren hausnarketa plazaratu dute. Aurreko argitalpenetan bezala, Antxon Lafontek, bildumaren zuzendari eta lurraren antolamenduan adituak, gidatu du bien arteko solasaldia, sakoneko elkarrizketa borobilduz berak luzatutako galderekin. Lanaren hitzaurrea, berriz, Urkiri Salaberriak sinatu du, Ondare Immaterialean doktorea da eta landa garapeneko elkarteekin lotura zuzena duena. “Landa eta Hiria” eserialdi batean irakur daitezkeen liburu labur eta prezio txikikoez osatutako Solasean bildumako hirugarren lana da. Elkarrizketa moduan planteatuta, gogoeta guneetan ezagutza eta hausnarketarako espazioa irekitzeko baliabidea da.
  • Landareen amodioak eta zibilizazioa (Jean-Marie Pelt, Gaiak, 2001). Egileak Lurraren ibilbide luzean zehar sortu eta garatu diren landareen dibertsifikazio ebolutiboa aztertzen du. Lan honetan guretzat ezezaguna den landareen erresuma biologikoaren historia maisuki adierazten da, askotan pasadizo sonatu eta dibertigarrien laguntzaz.
  • Langabeziaren aurka: bankugintzaren garrantzia (Joseba Felix Tobar-Arbulu, Elhuyar, 2005). Unibertsitateko testu-liburua. Keynnesen eta Schmitten teoriak analizatzen dira liburu honetan, eta, horietatik abiatuz, zer kontabilitate-erreforma egin beharko litzatekeen langabeziari (eta inflazioari) amaiera emateko.
  • Laranja bat zaborretan (Patxi Zubizarreta, Elkar, 2015). Narrazioa. Kairon, «zaborraren hiria» deitzen dioten auzunean bizi da Karabino. Zaborra biltzetik ateratzen du bizimodua eta inoiz ez du laranja osorik ikusi; zakar artean topatu dituen zati solteak besterik ez. Karabinok Nagib itsuaren ipuinak ditu ihesbide bakar.
  • Leaxpi. Industri paisaiak (Gorka Salmeron, Burdinola, 2014). Leaxpi industri paisaiak liburuak azken 25 urteetan, 1989tik 2014ra bitartean, ateratako 170 argazki jasotzen ditu. Gainera, Ignazio Arbideren, Edorta Kortadiren eta Carlos Canovasen testuak ere badaude sarrera moduan.
  • Lemoiz (Mikel Alonso, 2012 Euskadi Fundazioa, 2012). Argazki bilduma. Zentrala itxi eta hogeita hamar urtera han izan da argazkilaria.
  • Leuropa (Pablo Sastre, Susa, 2002). Emigrazioa, Marokotik Europara/Euskal Herrira.
  • Lurra eta ilargia eguzki sisteman (Ximon Goia, Elkar-AEK, 1984).
  • Lurra, lana, izana (Leire Urkidi eta Maitane Arnaiz, 2015). Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak bildu dituzte. Dokumental bat ere prestatu dute.
    https://www.youtube.com/watch?v=9TlrCItTIHY
  • Lurra zain dezagun (Gaiak, Gaiak, 1997). Lurrak dituen mehatxurik larrienak eta har ditzakegun neurriak aztertzen dira: euri-oihanen desagertzea, basamortuen hedapena eta euri azidoa.
  • Lurra zorua bailitzan (Iñaki Petxarroman, 2010). Saiakera. 1987an garapen iraunkorraren kontzeptua lehenengo aldiz agertu zenetik, terminoak bidea egin du; agintari politikoen diskurtsoetan ez ezik, baita enpresa kutsagarrienen publizitate kanpainetan ere. Baina munduak inoiz ez bezalako arazo ekologikoak ditu, eta haren etorkizuna bera ere kolokan egon daitekeelako ideia entzuten ari gara zientzialari askoren ahotan. Euskal Herria, zoritxarrez, ez da salbuespen: egunero 1,23 hektarea lur itotzen dira porlan azpian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 1990etik 2008ra berotegi efektua sortzen duten gasen isurketa %47 handitu da gure herrian. Kantauri itsasoko arrantza ia bukatu, eta armatutako atunketarietan doaz arrantzaleak munduko hainbat itsasotara. Legea nahi erara baliatu dugu natur-guneak garapen eroaren hankapean hartzeko: Itoitzen, esaterako. Atzerako bidaiaren unea heldu delako, gogoetatzeko gonbita egin nahi du liburu honek. Etorri garen bezalaxe, irteera aurkitzea berez zaila izango dela jakinik ere, denbora baldin badago, has gaitezen atzera.
  • Lurralde-antolamendua Euskal Herrian: gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak (Joseba Koldobika Arbaiza Alvarez, Peio Lozano Valencia, UEU, 2010). Lurralde-antolamenduak ikuspegi orokor eta sistematikoa bereganatzen du, baita eredu bateratu batean ekonomia, gizarte, kultura, paisaia eta baliabide fisikoei lotutako arloak uztartu ere. Horren ondorioz, lurralde-oreka eta kohesioa bilatu beharko luke sektore eta lurralde unitate desberdinen integrazioaren bidez, sektorialetatik kanpoko zeharkako ikuspegia bermatuz.Euskal Herriko eskalan, gure lurraldea antolatzeko eredua jasangaitza bihurtu da. Etengabeko hazkunde ekonomikoaren izenean baliabideen neurrigabeko erabilerak eragindako inpaktuak nabariak izan eta izaten ari dira. Horrek, baliabide edo baldintzagileen (ingurunea eta errekurtsoak) eta hautatutako garapen-ereduaren (hazkunde ekonomikoan oinarrituta) arteko bateraezintasuna azpimarratzen du. Horregatik, lurraldea antolatzeko ereduaren aldaketa beharrezkoa suertatzen da, produkzio-, kontsumo- eta garraio-dinamikak ingurumenaren jasotze-ahalmenarekin lotu eta baliabideak modu egokian erabiliz. Horrela, jasangarritasunaren paradigman oinarritzen dira, oro har, Euskal Herriak lurralde-antolamenduaren inguruan aurkezten dituen etorkizuneko erronka nagusiak. Liburu aipamena (UZTARO, 2013ko urria-abendua, 87. zk., 117-125. or.)
  • Lurrak ba al du gerorik? (Jose Ramon Aizpurua, Gaiak, 1993). Lurrak dituen arrisku larrienak aztertzen ditu autoreak: gainpopulazioa, zabor nuklearrak, euri azidoa, negutegi-efektua, petrolioaren hondakinak, negutegi-efektua, ozono-zuloa, kometen talkak, eguzkiaren heriotza..
  • Lurraren ezkutuko historia (Gaiak, Egile editore, 1992). Eguzki-sistemaren sorrera, itsasoen eta atmosferaren eraketa, biziaren sorrera, hominizazioa, glaziazioak, lurraren etorkizuna... Euskal Herrian eta munduan.
  • Lurraren historia ( Christian Broutin-Jean Pierre Verdet, Ttarttalo, 2007). Irudi handiak eta testu laburrak.
  • Lurraren taupadak (Jon Arretxe, Alfaguara-Zubia, 2001). Narrazioa. Amazoniako tribu baten gainbehera.
  • Makroekonomia (EUSKARAZ.NET). Liburu digitala.
  • Makroekonomia (Mikel Zurbano, UEU, 1989).
  • Mandelaren Afrika (Juanjo Olasagarre, Susa, 1998). Hego Afrika egindako bidai baten erreportaia eta kronika.
  • Marketinaren oinarriak (Philip Kotler eta Gary Armstrong, Deustuko Unibertsiatea, 2014). Philip Kotler eta Gary Armstrong katedradunek marketin ikasketak ematen dituzten unibertsitateetan (Chicagon eta Edinburgon, hurrenez hurren) erreferentziazko liburua da Principles of Marketing. Itziar Navarrok eta Lorea Narbaizak koordinatu dute itzultzaile taldea.
  • Marxez haratago. Euskal independentzia eta subiranotasun ekonomikoa (J. Tobar-Arbulu, Txalaparta, 1997).
  • Mehatxatutako herriak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Mendebaldeko ekonomiaren historia. Merkantilismotik 1914-era arte (Askoren Artean, Lur, 1970).
  • Mendiminez (Ramon Olasagasti, Elkar, 2007). Azken urteotan mendian hil diren hainbat mendizaleren ibilbidea, biografia eta soslaia jaso du autoreak liburu honetan.
  • Merkatua eta globalizazioa (Jose Luis Sampedro, Elhuyar, 2005). Azken urteotako aldaketak deskribatzen dira eta kapitalismoaren alde negatiboak salatzen dira.
  • Mexikotik barrena (Gurutz Garmendia, Aramaioko Udala, 2002). Bidai liburua.
  • Mikroekonomia (Mikek Zurbano, UEU, 1989).
  • Mikroekonomiaren oinarriak (Gabriel Jauregi, IVAP, 2008).
  • Moneta-teoria berrirantz (J. Tobar-Arbulu, UEU, 1999).
  • Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak (Gizarte Berrikuntza Tailerra, Gaiak, 2004). Gaur munduan bizi dugun egoera ulertzeko aukera. Gaiak argitaletxeak plazaratutako "Mundu globalizatua ulertzeko oinarrizko kontzeptuak" liburua XXI. mendearen hasiera honetan ezarria dugun ekonomia globalizatuak nora garamatzan aztertzeko Unai Martinezek eta Arrate Izagirrek osatutako Gizarte Ikerkuntza Tailerrak egindako ahalegina da. Besteak beste, gai hauei buruz egiten dute hausnarketa: transnazionalen nondik norakoak, enpresak lekututa dauden tokietatik beste nonbaitera eramateak tokiko ekonomietan duen eragina, gero eta bereiztuago dauden finantza-ekonomia eta ekonomia errealaren artean dauden aldeak, eta nazioarteko erakunde eta korporazio transnazional gutxi-gutxiren esku baino ez dagoen boterea eta erabakiak hartzeko eskumena.
  • Munduan barrena bizikletaz. Idazle Herrariak (Lorenzo Rojo, Munduan Barrena, 2016). Bidai-liburua. Lorenzo Rojok bizikletaz egin ditu bidaia hauek, eta 90 herrialde inguru zeharkatu ditu. Hasierako asmoa urtebeterako Latinoamerikara joatea bazen ere, urteak luzatu egin zaizkio eta oraindik jarraitzen du bidaiatzen: Uruguai, Txile, Australia, Laos, Uganda, Peru, Alaska, Hegoafrika, Kanada…
  • Munduko ekonomia. Botereak, disparekotasunak eta egonkortasun-eza kapitalismo globalean (Mikel Zurbano, UEU, 1998). Nazioarteko ekonomiaren gorabeherak.
  • Munduko historia ekonomikoa. X.- XX. mendeak (Askoren Artean, EHU, 2013). Historia ekonomikoaren arloko ikerkuntzak halako indarra hartu du azken hamarraldiotan, non zaila baita azken ikerketa eta ikuspegi guztienen berri izatea. Horrez gainera, baldin eta nahi bada mila urte baino gehiagoko denboraldia aztertu -Erdi Arotik gaur egun arte- eta Europaren esparru estua gainditu -orain arteko lanik gehienak eremu horretara mugatu baitira-, eginkizuna pertsona bakar baten helmenetik at dago ia. Hori dela eta, Espainiako zenbait unibertsitatetako irakasle talde baten ahalegin koordinatu gisa planteatu da Munduaren historia ekonomikoa; eskarmentu handia dute denek ikerkuntzan, urte asko eman dituzte irakaskuntzan, eta gai dira azken hogeita hamar urteotan jakintza-arloan lortutakoen sintesi osatu, ulergarri eta erakargarri bat egiteko.
  • Munduko ibaien poemak (Juan Kruz Igerabide, Elkar, 2005). Poesia. Lorena Martínez Oronozen marrazki iradokitzaileak lagun izanik, Juan Kruz Igerabidek hamar urtetik aurrerako neska-mutikoei begira sortutako poema hauek munduko ibaiei eskainiak daude. Kontinente guztietako ibairik garrantzitsuenak hartu ditu olerkariak oinarri, haietako bakoitzak sortzen dizkion sentsazioak agertzeko orduan. Juan Kruz Igerabideren aburuz, ibaiek laztan egiten diote lurrari bizkarrean. Senegal, Niger, Orange, Nilo, Zambezi, Kongo, Limpopo... Afrikan txokolatezkoak omen dira berezko ur-lasterrak; Ganges, Indus, Brahmaputra, Jenisei, Amur, Huang He, Yangzi Kiang... Asiako lurraldeetan, ordea, arroz-esnezko ibaiak daudela dio; Mackenzie, Yukon, Mississipi, Missouri, Orinoko, Uruguai, Amazonas... kafesnezkoak ei dira Ameriketan ibaiak; berriz, Europan -Vistula, Rhin, Tamesis, Sena...- patata purezkoak omen dira urak. Azkenik, Euskal Herrian ere baditugu ibai franko, eta haietatik zenbaitzuetan jarri du Igerabidek arreta, Nerbioi, Ibaizabal, Urdaibai, Deba, Urola, Oria, Urumea, Bidasoa, Urrobi, Irati, Arga, Aturri eta Errobi ibaiei olerki-jolasak eskainiz.
  • Munduko uharteak (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2008).
  • Mustafa-Megobari. Kaukaso-Kurdistan bizikletaz (Xabier eta Junkal Lertxundi, Autore Editore, 2016). Bidai-liburua. Alberdik eta Xabier Lertxundik Kaukaso eta Kurdistan bizikletaz ibili zutenekoa kontatzen da bertan, Xabik idatzitako egunerokoan oinarrituta.
  • Nabigatzaile bakartia (Fernando Pedro Perez, Arrain, 2009). Nobela grafikoa.
  • Nafarroako oihanak ( Askoren Artean, Aurkidi Elkartea, 1998).
  • Nafarroan filosofatuz (Piarres Aintziat, Elkar, 2015). Donejakue bide nafarra oinarri, Piarres Aintziartek 'Nafarroan filosofatuz' liburua argitaratu du
  • Natur ibilaldiak. Negua (Xabier Kintana, Gero-Mensajero, 1992).
  • Naturaren indarrak (Sarda Taldea, Gaiak, 2007). Liburu honetan, grabitazio indar eta indar elektromagnetikoen inguruko hainbat azalpen ematen dira, fenomenoak, gertakariak eta beste hainbat teoria ere landuz. Maxwell, Newton eta Einstein zientzilari handien biografiak eta planteamendu zientifiko eta filosofikoak ere aztertzen dira.
  • Naturaren kontserbazioa. Nora goaz? (Kepa Altonaga, UEU, 1993).
  • Negu batez Mallorcan (George Sand, Ibaizabal, 1999). Narrazioa. Eleberri hau 1838an Mallorcara egindako bisitaldian oinarritua da. Balio historiko eta literario handiko eleberria da, eta egileak iraultza aurreko mundu klasikoaren eta iraultza ondoko mundu erromantikoaren artean bizi zen gatazka islatu zuen bete-betean. Mugimendu erromantikoaren eraginez, beste artista askok bezala George Sandek lorategi eta areto dotoreak utzi eta urrutiko izadi liluragarri eta basatia miresten du, Erdi Aroko izuak gogorarazten ditu eta kristautasun xume eta dogmetatik aldendua aldarrikatzen du. Mallorcarrei erakutsi nahi izan zien munduan aldaketa handiak gertatzen ari zirela eta bere esanari jaramon eginez gero gizarte modernoa osatuko zutela, beren oztopo intelektual eta moral guztiak gainditurik. Baina uhartean hiru hilabete igarota zeregin horretan huts egin zuen eta etsipenak hartuta alde egin zuen. Izan ere, Mallorcako gizartearen errealitatea beraienaren oso bestelakoa zen eta Sanden ohitura aurrerazaleek mallorcar gizarte kontserbadorearekin aurrez aurre egin zuten topo. Eta horrez gainera, Mallorcako egonaldiari eta mallorcarren erlijiotasunari egotzi zion Chopin maitalea berak irakatsitako ebanjelio libertariotik aldendu eta eliza katolikoaren ortodoxiaren mende jarri izana berriro. Chopinen jarrera horrek eragin zion, zenbait adituren ustez, mallorcarrei mendekua hartzeko grina George Sandi. Liburuaren hasieran esaten duenez, bere asmoa ez zen Mallorcako egonaldiaren kontaera eskaintzea, baizik eta irakurleari uharteari buruzko argibideak ematea bere egonaldiaren zenbait xehetasunetan oinarriturik, baina objektibotasunez betiere. Liburu hau irakurri ondoren, ordea, ez dirudi helburu hori bete zuenik.
  • Negu Gorriak (Garbiñe Ubeda, Susa, 1995). Taldearen 1995eko biraren kronika.
  • Neoliberalismoa edo egungo gizartea irudikatzeko zenbait zertzelada (Askoren Artean, UEU, 1999).
  • New York, New York (Gotzon Garate, Elkar, 2009). Bertako kronika erreportaiak.
  • New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk (Gotzon Garate, Elea, 2004). Narrazio bilduma. Idazleak egunkarietan kontatzen dena eta bere esperientzian ikusi duena oinarritzat hartuta idazten du.
  • Nire barneko memoria (Jose Mari Azpiazu, Autoedizioa, 2015). Euskal Herriko nahiz kanpoko mendietan izandako esperientziak kontatzen ditu liburu horretan, ikuspegi pertsonal batetik, haietan egindako argazkiekin ilustratuta.
  • Nire lehen espazioko liburua (Emily Bone, 2016). Liburu hau ezin hobea da haurrek espazioari buruz ikas dezaten. Irudi xarmangarriz beteta dago, eta makina bat gauzari begiratzeko eta hamaika konturi buruz hitz egiteko bidea zabaltzen du.
  • Nor bere patroi. Arrasateko kooperatibistak aro globalaren aurrean (Joseba Azkarraga Etxegibel, Eusko Jaurlaritza, 2007). Saiakera. Kooperatibisten ametsa zertan den ikusi, ikerkuntzak diagnostikatu duen zentzu-krisia-ren zergatiak aztertu, eta etorkizunerako zentzu eta norabide posibleak proposatu nahi izan ditu egileak.
  • Oaxacako egunerokoa (Oliver Sacks, Gaiak, 2006). Liburuan, neurologo ospetsuak landarezale talde batekin Oaxacara eginiko bidaiaren berri ematen du, eguneroko gisa eman ere, hots, miresten dituen XIX. mendeko naturalisten antzera. Ikusten eta sentitzen duenari buruzko gogoeta egiten du autoreak. Bertan, oro har, mundu modernoko uzten, merkatuen, usainen, dastamenen eta abarren pobretzea nabarmentzen du, Oaxacakoen aldean. Eta gauza asko eta asko ditu gogoetagai, hala nola, herri prekolonbinoen ezagutza matematiko eta astronomikoak, arkitektura, txokolatea, kautxua, tabakoa edota pilota jokoa. Kulturen artean ez dagoela ez eskalarik ez linealtasunik ondorioztatzen du Oliver Sacksek.
  • Oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoera EAE-n (ARARTEKOA, 1999).
  • Oinarrizko marketina (Agustin Arostegi, 2010). Unibertsitateko test-liburua. Marketina zer den eta marketin-prozesuan eragina duten elementuak aztertu dira liburu honetan.
  • Oinez (Xabin Egaña, Arabera, 1998). Nafarroako mendietan hasi eta Frantzia eta Suitzakoetan barna egindako bidaia isladatzen duen lana.
  • Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat (Askoren Artea, Goierriko Euskal Eskola, 2014). “Ordiziako azokan asteazkenero gauzatzen da salerosketa, batik bat elikagaiena. Azokak bete izan duen eta betetzen duen funtzio ekonomia ezin da zalantzan jarri, baina, betiere, aspektu kulturalekin eta sozialekin elkarlotuta ageri dela baieztatu da etnografia honetan. Gaur egun, azokaren garrantzi ekonomikoa nabarmen jaitsi da, eta eskualdeko mugarri ekonomiko izateari utzi dio; horrekin batera, Ordiziako herriaren eta eskualdekoaren bizitza politikoa, soziala, kulturala eta erlijiosoa egituratzen zuen eremu izateari utzi dio”. “Hala eta guztiz ere, oraindik interesgune da ekoizleentzat, merkatarientzat zein instituzioentzat. Azoka eremu pribilegiatua da testuinguru sozialak eta ekonomikoak behatzeko. Eta, batik bat, harreman sozialen azterketa gauzatzeko. Izan ere, helburu ekonomiko soiletik kanpo, plaza nagusian, asteazkenero, hainbat subjektu jartzen dira harremanetan”.
  • Ormaiztegi 1860-1970 (Milan Irizar, Eskutik Kultur Elkartea, 2013). Gure industriaren historia zati txiki bat argitaratu du Millan Irizarren Eskutik Kultur Elkarteak. Euskal Herriko eskualde askotan josirik dagoen enpresa-ehun anitzaren zergatiak ere uler litezke, Ormaiztegi herria eta Irizar kooperatiba adibidetzat hartuta.
  • Orienta ezazu zeure burua zeruko esferan (Danel Madariaga, UEU, 2006). Posizio-astronomiaren oinarriak ikasteko liburu egokia duzu esku artean, maila apaletik hasita zeruko esferaren misterioak argituko dizkizuna, irudi, taula eta mapa ugariz hornitua. Oinarri teoriko batzuk jorratu ondoren, zeruko esferaren itxurazko mugimendua zehazki azaltzen da, Lurreko latitude desberdinetatik ikusita. Gero eguzki- sistemako astroen ibilbideak aztertzen dira, bakoitzaren berezitasunak deskribatuz. Zodiakoa, urtaroak, eklipseak, perihelioaren paradoxa eta beste zalantza asko argituko dizkizu. Bi kapitulu guztiz praktiko eta original ere badauzka: zeure eguzki-erlojua diseinatu nahi baduzu edota zeruko astroez baliatuta orientatu.
  • Oroimena olatuen konpasean (Gregorio Berrotaran, Hondarribiko Udala, 2014).Gregorio Berrotaran Artzu Hondarribiko Udaleko zinegotzi zenak bere haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak bildu zituen (arrantzan Kandako Labrador eta Ternuan), Pio Perez Aldasoro antropologoaren laguntzaz, orain plazara iritsi den liburu honetan. 2012ko abenduaren 17an hil zen, 67 urte zituela.
  • Oroituz (Jon Arretxe, Elkar, 1998). Narrazioa. Bidaia fisiko eta espirituala Indiara. Budismoa, hinduismoa...
  • Palestina zauritua (Imanol Murua, Susa, 1998). Palestinaren eta Israelen arteko gatazka erakusten digu liburuak. Idazlea Palestinan izan da eta bertan palestinarrekin, herriarekin bizi izan da, haiekin eta beste askorekin elkarrizketatu eta mintzatuaz: islamistak, judu ultraortodoxoak, soldaduak, presoak eta abarrak. Gatazka bera erakusteaz gain, gatazkaren barruan murgildurik dauden alderdi guztiekin egoten saiatu da, bai alde batean bai bestean egunero egoera hori sofritzen duen herriarekin. Liburuak horren guztiaren kronika biltzen du.
  • Palestina, zure mina (Begoña Bilbao, Elkar, 2004). Narrazioa. Autoreak nobela politiko honetan kontatzen du zelan emakume gazte bat esnatzen den, Gazan, buruan kolpe handia duela eta ezer gogoratzen ez duela.
  • Pasaia. Iraganaren oroigarria, etorkizunari begira (Askoren Artean, Untzi Museoa, 1999).
  • Patrikarako ipuinak (Jon Alonso, Argia-Irizar, 2006). Ipuin bildumatxoa (bi ipuin). Horietako bat enpresa gora-beheren gainekoa (”Errealitate aldakorraren ezpalak”).
  • Pertsona helduen bizi-kalitatea (Izarne Elgarresta, Utriusque Vasconiae, 2009). Saiakera. Garapen psikosozialaren eremukoa da idazle errenteriarrak garatu duen lana. Biztanleriaren zahartzea dela-eta, erretiroaren eta pertsona helduen azterketa gai garrantzitsu bilakatu da gizartearentzat. Orain arte, egungo pertsona helduekin erlazionatutako ezaugarriak aztertzeko orduan, hiru eduki hartu dira kontuan. Batetik, erretirora egokitzeko prozesua azaltzeko erabiltzen diren teoria psikosozialak; bestetik, azken hamarkadetako aldaketa sozio-historikoak; eta, azkenik, pertsona horien inguruan autoreek egindako ekarpenak. Liburu horretan Lizaso pertsona helduen bizi-kalitatearekin loturiko ezaugarriak ikertzen saiatu da funtsean.
  • Petrolioaren goi muga eta horren ondorio sozioekonomikoak (Roberto Bermejo, Manu Robles-Arangiz fundazoa, 2009). Liburu elektronikoa. Edozein baliabideren agortzea honako bi alderdi hauen menpe dago: dauden erreserben eta kontsumo-erritmoaren menpe, alegia. Baina petrolioaren geologiak beste faktore murriztaile bat eransten du: erauzteerritmoa. Petrolioaren erauzketa zailtzen duten alderdi asko daude: petrolioa harrien pitzaduretan sarturik dago, hareak eta harri porotsuak bustitzen; petrolio-hobietan, hasierako presioa galtzen denean, erregaia aterarazi egin behar da; petrolio-hobiko erregai arinena erauzi ondoren, hobian geratzen dena gero eta astunagoa da. Oztopo horien eraginez, alde batetik, erauzketa-fluxua gorenera heltzen denean, urritzen hasten da ezinbestean, eta bestetik, petrolio gehiena ezin da atera...
  • Piano gainean gosaltzen (Harkaitz Cano, Erein, 2000). Nobelaren eta kazetaritza kronikaren erdibidean dagoen liburua da. Idazleak New Yorken pasatu zuen boladaren kontaera egiten du: bizitza sozialaren nondik-norakoak, hausnarketa sakonak...
  • Piriniotako sumendiak, hartzak, mendi-gidariak eta beste hamaika istorio (Sarda Taldea, Gaiak, 1994). Pirinioei begira jarri dira liburu honetan Sarda-ko kideak, eta ikuspegi desberdinetatik, begirada desberdinak eskaintzen dizkigute esparru geografiko horretaz. Voltairez gain, beste hainbat idazle erromantiko frantsesek Pirinioekiko zuten liluraren berri irakurriko dugu liburuaren hastapenean; ondoren, Pirinioen sorrera geologikoaren inguruko ohar jakingarriak eskaintzen dizkigu liburuak; hartzen inguruko mitoak eta kontakizunak irakurri ahal izango ditugu geroago, eta gizakiek animalia horrekiko izandako harreman gatazkatsuen lekuko izan. Pirinioetako gainerako faunaren inguruko zehaztapenek ixten dute liburu bitxi hau. Hartzaren ingurukoez gain, hamaikatxo dira Pirinioen inguruko legendak.
  • Plaka-tektonika: lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria (Arturo Apraiz, UEU, 2005).
  • Pobreak gara, eta zer? (Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxi Gallego Palacios, Elkar, 2012). Narrazioa. 9 urteko haurrentzat. Aita eta ama lanik gabe gelditu dira. Hodei txikia ez da egoeraz ohartzen, baina Irati bai, eta kezkatuta dago, etorkizunak zer ekarriko dien. Krisi egoerari buruzko ipuin bat, familien zailtasunak eta haurren beldurrak lantzen dituena.
  • Politika ekonomikoaz (A. Zelaia, UEU, 2009). Ekonomiaren azterketaren barne, interes handia sortzen duten esparruen artean, zalantzarik gabe, Estatuaren ekonomia-jarduera azpimarratu behar da. Gaurkotasun handikoa gainera. Hori dela eta, politika ekonomikoaz gizartean dagoen interesari aurre egitea da, neurri handi batean, liburu honen helburua. Horretarako, erakunde publikoek ekonomian duten esku-hartzearen funtsezko alderdiak aztertzen dira, erabili ohi diren tresna, instituzio eta politiken azterketari arreta berezia emanez. Hori bai, tresna edo politika publiko horietako bakoitza faktore instituzionalekin -edo ekonomian oro har, eta, bereziki, Estatuak ekonomian duen esku-hartzean, eragina duten ildo zientifiko edo ideologikoekin- zein puntutaraino dagoen loturik aztertzeko ahalegin bereziak egiten dira.Testu honetan, jakina, politika ekonomikoaren betiko alderdi teknikoak eta politika publikoak aztertzen dira (diru-politika, politika fiskala, industria-politika...). Baina, aldi berean, politika ekonomikoaren azterketaren alderdi instituzionalei ere beharrezko arreta eskaintzen zaie. Alde batetik, ekonomia-jardueraren ingurune instituzionalari eta, bestetik, politika ekonomikoaren kudeaketan interes partikularren eta interes orokorren artean sortu ohi diren gatazkei eta, horren ondorioz, politikaren eta ekonomiaren arteko harremanari, politika ekonomikoaren azterketan ildo instituzionalek duten gero eta garrantzi handiagoarekin bat etorriz.
  • Postalerako luzexko (Edu Romero, Informat, 1999). Bidai batean Namibian igarotako egunak kontatzen dira.
  • Quarketatik Kontzientziaraino. Jakintzaren mugetaraino zientzia-bidaiak (Sarda Taldea, Gaiak, 2002).Mamia: fisika eta bere sekretuetan zeharreko bidaia, eguzki sistemarako bidaia, matematiketarako bidaia, bizia eta giza gorpuzkerako bidaia, oraindik zientziak ebatzi gabeko galderara bidaia eta pentsamendu artifizialaren eta kontzientziaren inguruan. Liburuak gaur egungo zientzia desberdinek gure munduari buruz egindako zenbait ikerketa era pedagogiko eta errazean agertzea du helburu. Grabitaziotik hasiz, tenperaturaren izaera, elektroiaren erradiografia, erradioaktibitatearen sorkuntza eta abar aurkituko dituzue bertan.
  • Rebel Mayo Colorao (Paddy Rekalde, Txalaparta, 2002). Narrazioa. Nafarroa ahantzia eta ezezaguna (Erribera) eta Irlanda bildu ditu autoreak . Horretarako, ihesaldi bat hartu du oinarritzat.
  • Road movie (Gotzon Hermosilla, Alberdania, 2002). AEBetan egindako bidaia.
  • Robot mugikorrak. Oinarriak (Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkano, UEU, 2012). Robot bat garatu eta programatzea ez da erronka makala. Liburu honetan, horretarako beharrezkoak diren ezagutza teoriko eta praktikoak jaso nahi izan ditugu, eta modu ulergarrian eskaini irakurleari. Asmo nagusia, Robotika mugikorraren arloan lehen pausuak eman nahi dituenari bidea erraztea izan da, oinarrizko kontzeptuekin hasi (eragileak, sentsoreak, kontrola...) eta gradualki konplexutasun eta sofistikazio-maila altuko arlo eta aplikazioetara iritsi arte (kontrol-arkitekturak, nabigazioa, mapak...). Beti ere robotaren portaera adimentsu bihurtzen duten gakoak agerian utziz.
  • Rwanda bihotz-minez (Iokin Otaegi, Hiria, 2008).Atal desberdinak: han egindako bidaien kronika halakoak; hamar emakumeren soslaiak; kaleko umeen testigantza eta istorioak; gorbadatunei buruzko atal kritikoa; bertako kontakizun eta ipuinak; Ruandako ahozko poemagintzari buruzko lan bat... Bibliografia eta gehigarri lagungarriak ere erantsi eremu desberdinetatik hartutako osagaiak erabilita osatu duen lan-bildumari.
  • Sagardoa Azpeitian (Laxaro Azkune, Azpeitiako Udala, 2017). Liburua.
  • Sahara. "Chartat". Herri-zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu
  • Sakoneta (Xabier Mendiguren Elizegi, Elkar, 2011). Narrazioa. AHT abiadura handiko trenaren gaia hartu du hizpide, eta tren lasterra egiteko bota nahi duten baserri batean kokatu du istorioa. Baina kontakizuna errealismotik «parodiara, ia esperpentora» eraman nahi izan duela azaldu du. «Ez nuen AHTari buruzko saiakera edo testigantza liburu bat egin nahi; fikzio lan bat egin dut». Nobela «korala» egin du idazleak. «Pertsonaia asko, ahots asko agertzen dira, eta narratzailea gehiago da bitartekari bat». Baserrian bizi den gizona, kazetari «ziniko» bat, argazkilari gazte bat, ekologistak, ertzainak eta beste hainbat pertsonaia elkartu ditu Sakoneta izeneko baserrian, Euskal Herriko barnealdeko bailara batean. Egun bateko epean jazoko diren liskarren bidez, gai sozial edo politikoak ez ezik, pertsonaia bakoitzaren sentipenak eta barne kezkak azaleratuko dira. Batez beste hiru orrialdeko luzera duten 48 ataletan banatu du nobela, eta paperean argitaratu aurretik, egunero atal bat irakurtzeko aukera izan da www.sustatu.com webgunean, Gabonetatik oraintsu arte.
  • Salgai. Euskal kontsumo gizartea aztertzen (Patxi Juaristi, Alberdania, 2005). Hego Euskal herritarren kontsumo ohiturak.
  • Saltoki-gune handien eredua eta merkataritza eredu tradizionala aurrez aurre: Gizarte, ekonomia, kultura eta lurralde ondorioak, jasangarritasunaren ikuspuntutik (Jose Allende, Manu Robles-Arangiz Institutua, 2004). 40 orr.
  • Saltzaile baten heriotza (arthur Miller, Hiria, 2001). Arthur Miller idazle estatubatuarraren «Death of a Salesman» antzezlana euskaratu du Xabier Galarretak, «Saltzaile baten heriotza» izenburupean Hiria argitaletxearen bidez plazaratuz. 1949an ikusi zuen argia kontsumo gizartearen kritika zorrotz honek. Gizarte mota horren baloreak dauzka hizpide, langile xumeari nolako hondamena ekar diezaioketen agerian uzten duelarik. Titulutik bertatik erraz asma daitekeenez, saltzailea da bere protagonista nagusia, bere semeen aurrean arrakastatsu eta eredugarri azaldu nahiko lukeen gizona, errealitatean hutsaren hurrengo gisa tratatua dela onartu nahi gabe. Ia bizitza osoa eskaini dio Willy Lomanek duen lanbideari, herriz herri salmentak egiten ibiltzeari. Orain zahartu da, ordea, nekatuta dago, eta begirune pixka bat eskuratu nahi luke bere ugazabengandik... Ez alferrik!
  • Samarkanda (Iñaki Bidegain, Hiria, 2007). Asia erdialdera eginiko bidaia. Bidaiari gehienak elbarriak dira.
  • Santiago oinez. Donibane Garazitik Konpostelara (Piarres Aintziart, Elkarlanean, 2000).
  • Sei arrasto Eskandinavian (Ramon Olasagasti, Informat-Aramaio, 1998).
  • Seigarren iraungitzea (Richard Leakey eta Roger Lewin, Gaiak, 2013). Richard Leakey eta Roger Lewin antropologoen arabera, Lurrean bost iraungitze-aldi izan dira eta horietan planetako bizi-moten %99 desagertu egin ziren. Orain seigarren iraungitze-aldian gaude egileen arabera. Fase hau orain dela 100.000 urte hasi zen.
  • Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (David Foster, 2016). Narrazioa. Enkarguz idatzi zuen ale hau David Foster Wallacek, Harper's aldizkariak eskatuta: luxuzko itsas bidaldi baten kronika, zentzumenen postal erraldoia. Edonola den, Wallaceren fikzio-lanetako ohiko osagaiak aurki ditzakegu lan honetan ere, bere onenean: AEBko kontsumo- eta entretenimendu-kulturaren kritika zorrotza, aberastasun teknikoa, ñabardura txikienak xehe-xehe azaltzeko grina, hausnarketa filosofikoa eguneroko gertaeretatik abiatuta... eta umorea, ironia beltza barra-barra. Nola bestela bilaka liteke amesgaizto hasiera batean paradisu zirudiena?
  • Sentimenduen mestizajea (Zigor Alkorta eta Iñaki Mendizabal, Gero, 2001). Kuba Zigor Alkortaren argazkietan.
  • Soziologia eta historia batzen (Mikel Urkola, Gaiak, 2007). Hainbat gizarte motaren teoria ebolutiboak aztertzen ditu liburuaren egileak, «etengabeko krisian dabilen gizarte baterako zenbait ideia soziologiko» eman nahian. Liburuaren azken zatian, informazioaren gizartean murgiltzen da: globalizazioa, lehertze demografikoa eta pobrezia, immigrazio itzelak, sareetako kapitalismoa, lehergailu atomikoak...
  • Su haietatik ke hauek (Iñaki Petxarroman, Txalaparta, 2012). Gipuzkoan Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiaren 10. urteurrena dela eta, 'Su haietatik ke hauek' liburua kaleratu du Petxarromanek. Argia egin du errausketa egitasmoen atzean dauden alderdien eta enpresen gainean.
  • Suetena Belfasten (Imanol Murua-Hunberto Unzueta, Susa, 1996). Irlandako gatazkaren kronika.
  • Tangerko ametsak (Jon Arretxe, Erein, 2011). Narrazioa. Bamako eta Tangerren artean gauzatzen da trama, Afrika Beltzaren eta Europako kosta begi bistan daukan hiri marokoarraren artean. Eta hiri eder horretako kaleen galtzada-harri gogorraren kontra tupust egingo dute hainbat lagunen ametsek. Paterak abiatzeko zain dauden bitartean, eguneko azken ferrya heldu da Tangerko portura. Bidaiari bat nabarmentzen da iritsi berrien artean, medina zaharrerantz pauso finkoz doan gizon bakarti bat. Ondo ezagutzen du ingurunea, eta badaki nora doan eta zein den bere betebeharra. Bien bitartean, alderdi zaharreko kalexka labirintikoetan urrundik etorritako mila arima alderrai pilatzen dira. Asko hor preso geratu dira, ez aurrera ez atzera; beste batzuek oraindik eusten diote esperantzari. Moussa gaztea da azken hauetariko bat. Malin utzi zuen familia, Europa helmuga, eta ez dago prest etxera esku hutsik itzultzeko, ez du amore emango paradisura eraman lezakeen azken saiakera burutu gabe. Fatima ere bigarren talde horretakoa da eta eguneroko borrokan dihardu biziraupenaren alde, Rif-etik, familiak arbuiatuta, alaba txikia bizkarrean alde egin behar izan zuen momentutik. Fatima, Moussa eta gizon heldu berriaren bideak Tangerko medinan gurutzatuko dira, heriotza zain dagoen karrika estu eta ilunenen artean. Bamako da nobela honen bigarren kokagunea. Hango giroa, ostera, erabat desberdina da. Han harmonia da nagusi, batez ere patio tradizional bateko biztanle ugarien artean. Baina dena aldatuko da emakume zuri bat, argazki bat eskuan, iristen den momentutik aurrera.
  • Tekno+turismoa (Maite Toledo, Ediciones Beta, 2012). Tekno+turismoa azken boladan azaleratzen ari da, eta industria-, zientzia- edota teknologia-guneetara egindako bisitaldiak batzen ditu, batik bat. Turismo-aldaera horren berri ematea da saiakera liburuaren xedea; baita haren sustapenak ekarriko lizkigukeen onurak azaltzea ere. Gure eskualdea, Debagoiena, erabiliko dut erreferentzia eremu (liburuan Deba arroa darabilt). Euskal Herrian kokatutako industria-eremu garrantzitsua berau. Gaiaren inguruko teoria, ordea, antzeko ezaugarriak dituen edozein lekutarako da baliagarri.
  • Telleria eta gero, zer (Ernesto Prat, 2017). Elkar. Ernesto Prat Urzainki, Telleria eta gero, zer? Sarako Gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubrituko ditu Lurrak, obra-hondakinen artean. Misterio hori, gainera, nahastu egingo da Baztanen, herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin. Musikaren erritmoan eta kamiseta erreibindikatiboen konpainian, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak, rock kontzertuak, besta eta parranda, eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.
  • Terra Madre. nola ez utzi janariak jan gaitzan (Carlo Petri, Slow Food Bilbo Bizkaia, 2010). Slow Food izeneko filosofiaren inguruko liburua.
  • Transesterifikazioak. Biodieselak. Nola lortu biodiesela sukaldeko olioa erabiliz? (Eneritz Anakabe Iturriaga, Sonia Arrasate Gil, Gorka Bueno Mendieta, Fernando Mijangos Ugarte, Estibaliz Olivares Esteba, UEU, 2011). Liburu honen funtsa da kontatzea galdera bati erantzuna emateko orduan agertzen zaizkigun zalantzak. Urte bi jardun dugu sukaldeko olio erabiliei zer-nolako birziklapena eskaini ahal diegun ikertzen, eta ikerketa amaitu ondoren, geure buruari egin diogu galdera: mereziko luke egindako lana, ikerketa, aztertutakoa, laborategiko teknikak eta lortutako datuak eta abar euskaraz idaztea eta dibulgatzea? Baietz esan ondoren liburuaren egituraketari ekin diogu, hau da, kontakizun hori nola banatu atalez atal, josi atalak elkarri, atal bakoitzari sarrera egoki bat idatzi eta azkenik lortutako emaitzak eta ondorioak azaldu. Hori guztia aurkitu ahal izango duzu liburu honetan, irakurle maitea. Sarri galdetu dugu frijitzeko olio erabiliak non amaitzen duen bere bidea; eta guztiok batu egiten dugula eta birziklatu egiten dugula esan arren, liburu honek esaten digu gehienok -gezurrontziak- garela, harraskatik behera botatzen dugu eta ur-araztegietan metatzen da gure olioa. Liburu honek ikerketa zientifiko batetik dibulgazio-arlora pasatzeko dauden zailtasunak gure larruan dastatzeko aukera eman digu. Zuri, irakurle maitea, liburu honen irakurketa laket suertatzen bazaizu, gure ahaleginak antzematen dituzulako da eta zurekin ez daukagu zorrik.
  • Tratabideak (Bizente Barandiaran, Auspoa, 1999). Garai bateko bizimodua.
  • Txanponaren bi aldeak (Iñaki Heras, Alberdania, 2003). Saiakera. Egungo mundu globalizatuan ekonomiak duen nagusitasunaz mintzo da autorea. Hedabideen eragina ere aztertzen da.
  • Txernobil txiki bat etxe bakoitzean (Ander Izagirre, Gaumin, 2014). Txernobilera egindako bidaian ezagututako pertsona batzuen istorioak kontatu ditu Ander Izagirrek liburu honetan, berak sortutako fikziozko pertsonaien bidez: katastrofe nuklearra konpontzeko lan egin zuen soldadu bat, ihes egin behar izan zuen neska bat, eremu debekatuan lan egiten duten langileak…
  • Txina: iratzartzen ari den herensugea (Gaiak, Gaiak, 1994). Azken bi mendeotako historia eta gaur egungo egoera.
  • Txina: "Enperadorearen 55 edalontziak". Herri-Zaporea (Eguzkiñe Bidaurrazaga eta Iban Gaztanbide, 2009). Herri-ipuin bat aurkezten digute kultura, leiendak, kondairak, herriko ospakizunak, ohiturak eta gastronomia lagunduta. Gure artean kanpotik etorri eta gurekin bizi direnek beraien kultura hobeto ezagutzeko bide ematen digute. Bilduma honen helburua aniztasunaren aldeko apostua da. Kultura ezberdinen arteko elkarbizitzea, ezagutza eta errespetua landu nahi dugu.
  • Txinara bidaia (Beka eta Marko, Harriet Ediciones, 2016). Komikia. Motxila bizkarrean eta gidaliburua eskuan, Ben eta Nina, hogeita hamar urteko bikote gaztea, Txinara doaz hiru astez. Euren bidaiak, dibertigarria bezain ezohikoak, Pekindik Shangaira eramango die, Miao eskualdeko arroz-soroetatik igaroz. Baina, bikotean bidaiatzea ez da beti hain erraza izaten… eta arazoa da ez dagoela gidarik nola egin behar den azaltzen duena. Batez ere espioi txinatar temati batzuk azaltzen direnean edota treneko begiratzaile marmarti bat agertzen denean guztia korapilatzeko…
  • Txingo, gertaldi eta ibilkerak (Sabin Irizar, Elkar, 1990). 36ko gerra ondoren Frantzian jaso zituzten haurren artean izan zen Sabin Irizar. Hamalau urte zituen eta hamar gehiago iraun zuen Europan. Bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak ere. Autoreak bere ibilketak kontatzen ditu: Santanderko kaian, hamalau urteko mutil-koxkorra zela Frantziarantz zeraman itsasontzia hartzean hasi, eta 1947an hamar urte beranduago Marseillan Venezuelara zihoan beste itsasontzi batekin amaitu.
  • Txingudiko ekosistemak (Mikel Estonba, Txingudiren Aldeko Koordinakundea, 2000).
  • Txirike-Parú (Sabin Irizar, Erein, 1996). Autoreak Venezuela aldeko pasadizo eta ibilerak kontatzen ditu.
  • Txirringaren aienean, Turkiatik Myanmar-era (Amaia Elosegi eta Esther Mugertza, Txalaparta, 1998). Asiarako bidaia: Turkia, Kurdistan, Iran, Karakorum, Txina...
  • Txondorrak, karobiak, elurzuloak (Amaia Olañeta eta Argiñe Urkiola, Bergarako Udala, 1998).
  • Tubabu (Jon Arretxe, Elkar, 1994). Bidai-liburua. Aljeria, Mali, Senegal.
  • Tuparen seme-alabak (Jon Arretxe, Elkar, 1997). Bidai-liburua. Brasil.
  • Turismoa, kultura eta garapen iraunkorra (Mike Robinson, Unesco Etxea, 2012).
  • Turruia kapitainaren altxorra (Joseba Aurkenerena, Jaizkibel Bizirik, 2010). Narrazioa. Jaizkibelgo superportuaren aurkako ipuina.
  • Uda bat Senegalen (Lur Gallastegi eta Susanna Martin, 2016). Narrazioa.Garazik eta Izarok ustekabe galanta hartuko dute, aitak esaten dienean uda osoa Senegalen pasatuko dutela, aita erizainak bertako ospitale batean laguntzen duen bitartean. Hasieran dena da berria: jendea, giroa, etxeak, usainak… Lagunak egiteak ere ez dirudi erraza bi neskentzat, bertako hizkuntza ezagutu gabe. Hala ere, sorpresa atsegin eta hunkigarriz beterik egongo da Afrikako egonaldi hori.
  • Udaberri isila (Rachel Carson, Klasikoak, 2008). Pestizidek, fungizidek eta belar-hiltzaileak AEBetan eragindako suntsiketaren historia. //UDABERRI ISILA// - Iñaki Barcena - UEU
  • Unibertsoari buruzko mitoak (Ekain Mtz. Lizarduikoa, Gaiak, 2010). Kosmogoniak –munduaren sorrerari buruzko mitoak, alegia– dira liburuaren ardatza. Kontakizun sakratuak dira kosmogoniak, eta gizatasunaren funtsa azaltzea dute helburu, liburuan esaten zaigunez. Historia osoan kultura bakoitzak bere singularitatean landu ditu ikuspegi hauek, baina hala ere, izan dituzte puntu komunak: zerua beti jainko-jainkosen egoitza izatea, hildakoak lurraren azpiko lekuren batera joatea... Zergatik? Nola liteke hori? Giza imaginarioa bakarra ote da? Galdera horiei arrapostu eman nahi zaie liburuko orrietan.
  • Ur arreak, ur garbiak (Joan Mari Irigoein, 2011). Narrazioa. Urgain herriko kontuak ditu kontagai nobela berriak. Nafarroako ipar-ekialdeko alegiazko herri bat da Urgain, urtegi baten azpian geratutakoa. Han bizi izandakoek ez daukate ahazteko ordea. Horregatik biltzen dira txikitako lagunak, eta, bazkalosteko solasean, garai bateko ohiturak, pertsonaiak eta gertakariak oroitzen dituzte. Honako hau nobelaren hasierako pasartea da.
  • Ura, gizadiaren ondarea (Fernando Bustillo eta Ekain Mtz. Lizarduikoa, Gaiak, 2009).
  • Urbia, Aizkorri eta Zegamako artzaintza (Isabel Elortza eta Joan Mari Apaolaza, Zegamako Udala, 2004).
  • Urrezko triangelua (Jon Arretxe, Elkar, 2001). Narrazioa. Thailandian girotua.
  • USAren agintaritza eta dolarraren ahulezia (Gurutz Ansola, Gero, 1972).
  • Venezuela, iraultza isilaren hitzak (Pako Aristi,Txalaparta, 2000). Bidaia baten kronika sozio-politikoa.
  • Xiberoako sagarretaz (Allande Etxar eta Alain Borda, Astobelarra, 2013). Sagar mota berezien bila, berezienak Zuberoan aurkitu ditu Alain Borda ingurumen teknikariak. Allande Etxartekin elkarlanean idatzi du Zuberoako sagarren berri ematen duen liburu hau. Informazio gehiago sagarretaz.blogspot.fr webgunean aurki dezake irakurle
  • Zarauzko ingurunea Kuaternarioan (Jose Migel Edeso eta Jose Antonio Mujika, Zarauzko Arte eta Historia Museoa, 1985). Zarautz itsasoak estaltzen zuen garaietatik hasi eta milaka urteetan zehar inguruneko paisaiak eta bertan hazi eta garatu ziren gizakiek izandako bilakaera agertzen zaigu pausoz pauso irudien bidez.
  • Zegama, Aizkorri eta Urbiako artzaintza (Isabel eta Lierni Elorza, Zegamako Udala, 2006).
  • Zer da nekazaritza ekologikoa? (Eusko Jaurlaritza, 2008).
  • ZERO ZABOR. Nola berpiztu ekonomia Lur planeta txikitu gabe ( Joan Marc Simon , Daniel Zuazagoitia Rey-Baltar, UEU, 2016). Zer da Zero zabor filosofia? Natura- eta giza baliabideak etengabe ustiatzen ari garen honetan, ezinbestekoa da erabili eta botatzeko egungo eredu lineala birpentsatu eta sistema zirkular bat eraikitzea, toxikorik gabe, gatazka-guneetatik datozkigun baliabideekiko menpekotasunari amaiera eman eta kalitateko eta tokiko lanpostuak sortzeko aukera emateko. Baliabideak xahutzen jarraitzen duen ekonomia bat —izan hondakin modura edo langabezia modura— ezin da, izatez, jasangarria izan. Hondakinak sintoma dira, diseinu okerreko sistemaren seinalea; Zero zabor filosofiak amaiera eman nahi dio horri. Zero zabor. Nola berpiztu ekonomia Lur planeta txikitu gabe saiakerak baliabideak kudeatzeko egungo sistemari alternatiba zaion proposamena aurkezten digu. Alternatiba hori egingarria eta positiboa da, eta ikerketa-alorrean egindako aurrerapenak alor teknologiko eta sozialean aplikatuta aurrera begiratzeko aukera ematen digu. Gainera, Euskal Herriko egungo hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren egoera islatzeko asmoz, liburu honen 3. kapitulua moldatua izan da, gai honetan adituak diren hainbat pertsonaren ekarpenei esker.
  • Zientzia eta teknologia ongizate-gizartean (Luis Zaballos, Erein, 2010). Tradizionalki, pinturari, musikari, literaturari, zinemari eta arteari lotuta egon da kultura, eta ez, aldiz, fisikari, kimikari, ingeniaritzari edo teknologiari. Hamleten egilea edo Mozart ez ezagutzea kultura-gabeziatzat jotzen da. Ez da berdin jokatzen baldin eta norbaitek Newtonen legeak ezagutzen ez baditu edo elementuen taula periodikoa zer den ez badaki; orokorrean, nahiz eta zientziaren printzipioen oinarriak edo teknologiaren funtsezko eginkizunak ezagutu ez, oso landutzat jo daiteke pertsona bat. Guztiz harritzekoa da zein irizpide ezberdinak erabiltzen diren zientzia arloko ezagutza falta balioesteko beste edozein arloren aldean. Bestalde, zientziaren eta teknologiaren menpean dagoen munduan bizi gara. Ez dago inongo dudarik. Lurreko hainbat lekutan gizakien egoera oso bestelakoa izan arren, herrialde guztietan ikus dezakegu, neurri handiagoan edo txikiagoan, zientziaren edota teknologiaren eragina. Baina, badakigu zer den zientzia? Badakigu zer neurritan mugatzen duen zientziak gure eguneroko bizimodua? Zer jakin beharko genuke zientziaren eta teknologiaren inguruan? Zein izan behar da gure jarrera zientziarekiko eta teknologiarekiko? Are gehiago, eskuzabalak izan gaitezke, era guztietako teknologia berriak eskuratu baititzakegu zientziaren aurrerakuntzei esker, eta bizimodu erosoagoa izan. Bestetik, jarrera kritikoa izan behar dugu, aurrerakuntza bakoitzak izan lezakeen ordainari erreparatuz.
  • Zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa (Elhuyar, Elhuyar, 2009).
  • Zientziaren hiztegia. 200 hitz 2000. urterako (Aitor Anduaga, Gaiak, 1999).
  • Züberoa herria (Jean-Louis Davant eta Allande Socarros, Elkar, 2013).Davant euskaltzainak azaldu digu liburu horrek "gaurko Xiberoa aurkezten" zuela, baina probintzi txikienaren historia ere presentatzen du. Parte hori idatzi du Davantek, eta umilatasunez "parte errexena" zela adierazi du, Socarrosek lanaren "hiru laurdena" egin zuela gehituz. Historiaren atalean sartuz, euskaltzainak kontatu digu erlijioen historia interesgarria zela, baita nola "mendez mende, Xiberoak bere instituzioak atxikitzen" saiatu den, gaur egun Herri Elkargoa deitzen denaren adibidea emanez.Horrez gain, Xiberoaren "usantxak", ohiturak kontatu ditu liburu horretan. Baina gehien azpimarratu duena, Erdi Aroko garaia Xiberoarentzat zein zaila izanen den izan da.Garai horretan, "Xiberoak Iruñeako eta Nafarroako erregeekin" zuen harremana aipatu du Davantek. "Akitaniako Dukearen" legediaren azpian egon arren, Xiberoak "bihotza Iruñean" zuela nabarmendu du.Historiaz gain, Socarrosek idatzitako beste parteetan "gaurko gaiak" azaltzen dira, hau da ekonomia, laborantza eta industria, baita ere kultura, euskara eta nola ez pastorala aipatuz. Horrekin batera, Xiberoaren geografia eta monumentuak deskribatuak dira hiru gizonen artean sorturiko liburuan.Davantek liburua egiteko "biziki untsa" konpondu direla adierazi du, nahiz eta zama handiko lana izan. "Urte bete" behar izan dute denen artean bukaeran liburua aurkezteko.
  • Zuhaitz motzei buruzko oharrak. Zuhaitzak mozteko jardunbide egokien gida (Askoren artean, GFA, ?.)
  • Zuzenbide sindikala (Aitor Bengoetxea eta Koldo Irurzun, EHU, 2000).
  • Zure haragi bereko (Patxi Ezkiaga, Erein, 1995). Eleberria. Nafarroako Pirinioetan eta haien ingurura garamatza egileak. Txamantxoia, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, eta Pirinioetako beste hainbeste txoko ezagutuko ditu irakurleak Ezkiagaren eskutik. Pirinioetara joandako lagun taldeak Petretxemarako igoera egin ondorengo gauean hasitako maitasun istorio baten oroitza da nobela honen ardatza.